Akordatzen naiz eskolan idazlan bat egiteko eskatzen zigutenean, eta irakasleak hura zuzenduta itzultzen zigunean, kolore gorria gure hitzen artean ikusteak sortzen zidan ezinegonaz. Berriro ere ez dut ondo egin!
Ez da batere sentsazio ona mimoz egin dugun hori beste norbaiti eskaini eta hark kolore gorriz itzultzen digunean, ezta? Zer dago ondo? Eta zer gaizki? Zer da egokia? Eta zergatik? Nork esan du gauzak horrela izan behar direla? Nork du aginte makila?
Aurrekoan, Marea Gora hitzaldi zikloaren baitan, adimen artifizialari buruz aritu ziren. Teknologia aurrerapen izugarria egiten ari da azken urteotan, eta jada gureak ziren hainbat eginkizun makinek eta algoritmoek ebazten dituzte denbora murritzean. Gaur egun, testuak unean bertan itzultzen eta zuzentzen dituzten aplikazioak daude eskura. Argazki baten bitartez, aurrean dugun hori zer den jakin dezakegu momentuan. Medikuntzaren alorrean, gaixotasunen ikerketarako baliabide desberdinak sortu dira eta sendatzeko aukerak handituz doaz. Teknologia benetan praktikoa eta onuragarria izan daiteke, baina beti?
Teknologia berriek zeharo aldatu dituzte gure egiteko erak eta konfiantza osoa dugu klik egin eta segundo batean guk egindakoa makinek modu zuzenean jarriko digutela. Baina nork esaten du zer dagoen ondo eta zer gaizki? Nork du aginte makila?
Komunikazioa errazteko, baten batek guretzat sortu ditu mugitzen diren emotikono, gif eta abatarrak, baina ez dezagun ahaztu boligrafo gorria eskuan hartuta bihotzak marrazten jarraitzea ez dela batere aukera txarra.