Desokupatuak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Astigarraga 2024ko mar. 26a, 10:50

Hasiera batean Desokupa bezalako enpresak langabetuei lana bilatzeko lekuak zirela uste nuen. Desokupatuei, alegia. Zentzua zeukan. Izan ere, guztiok dakigun bezala, tatuajeak bistan eramateak lana lortzea zailtzen du. Batez ere, tatuaje naziak badira. Agian, nire hasierako ustea zuzen dezakegu nazi langabetuei lana emateko modu bat dela esanez. Bide batez, jabetzan etxerik ez dutenei bizitokia kenduz.

Okupen gaia eztabaida publikoan txertatu du komunikabideen agendak. Kuriosoa da ikustea norbait nola larritu daitekeen ez daukan etxe horretan baten bat sartuko ote den beldurrez.

"Okupaziorik ez! Etxegabetzeak bai!.Horixe dio moralak. Horixe dio legeak. Aurkakoa saldu nahi badigute ere. Errealitatea tematia da, ordea"

Zertarako horrenbeste zalaparta? Ba... alarma sistemak saltzeko. Eta beno, agian, bizitokia ordaintzeko lain ez dutenen etxegabetzeak jendaurrean zuritzeko ere bai. Zeren batzuetan ahaztu egiten zaigu (okupatuko diguten etxerik ez daukagula ahazten zaigun bezala) bizi diren etxea edo horren alokairua ordaindu ezin duten familienak direla etxegabetze gehienak. Karikaturetatik urrun, etxegabetuen bi heren lanean ari zirela etxegabetuak izan zirenean. Agian, bihar, geu izan gintezkeela.

Ahoa ignorantziaz eta jabe ideologiaren ikuspegi kriminalaz betetzen zaigun bitartean, baliteke, ez oso urruti, etxegabetua izateko arriskuan dagoen pertsona bat edo beste egotea. Okupa baino etxegabe eta etxegabetu gehiago baitago. "Okupaziorik ez! Etxegabetzeak bai!". Horixe dio moralak. Horixe dio legeak. Aurkakoa saldu nahi badigute ere. Errealitatea tematia da, ordea. Eta... errealitateaz ari garela, akaso, geuk ere desjabetutik gehiago daukagu jabetik baino.