Pablo Hasel musikaria atxilotu berri dute. Ezagunenetako bat da egun, baina ez da bakarra. Duela ez horrenbeste, Turkian gose greban hildako musikariak eta beste hainbat kasu ere bizi izan ditugu, tamalez.
Hasel ez dute kartzelaratu bere letren edukia “gorrotozkoa” izateagatik, atxiloketaren data bertsuetan nazien alde borrokatzera joandakoak omentzeko eginiko esperpentoaren inpunitateak erakusten duen bezala.
Hasel bere posizio ideologikoarengatik epaitu dute, bere militantziarengatik. Ez dituzte bere letrak debekatu, bera debekatu dute, bere militantzia eta bere konbentzimendua, eta, bide batez, beste asko isilarazi dituzte zeharka, mehatxutzat uler daitekeen epaiketa honen bidez.
Bitartean, Ertzaintzak Tubacex eta PCBko langileak zentsuratu ditu borraz. Zentsura indarkeriari hertsiki loturik baitago. Zehazki, boterea dutenen biolentziaren monopolioari eta horren aplikazioari. Borra, besoa eta burua gorpu beraren atalak dira ezinbestean. Bitartean, zapaltzen gaituztenen boterea zalantzan jarri ez baizik eta zilegi egiten buru-belarri dabiltzan alderdi instituzionalek polizia zuritzen dihardute, inolako lotsarik gabe, gainera.
Batzuk harritu egingo ziren, beste batzuek garrantzia kenduko diote, baina errealitatea da badirudiela naziak zer ziren ahantzi dugula, baita polizia zer den eta zertarako dagoen ere. Gaia pil-pilean egon berri den honetan, norberak epai dezala non gelditzen diren egun zentsura eta noizbait galdua dirudien zentzu hura.