Isileko esan-nahiak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Astigarraga 2022ko mar. 28a, 10:47

Egunetik egunera badirudi gauzak ez direla aldatzen Deban. Astero-astero dena berdina dela herri aspergarriki hil honetan. Harik eta ohiko dirudien goiz batez hormek esan-nahirik badutela dirudien arte. Atzo ez zegoen, gaur badago eta ziurrenik bihar edo etzi desagertuko da berriz. Monotonoaren haustura saiakera berri bat.

Esan-nahiak badu ezinegon bat atzetik. Askok ikusi ez arren, gure herrian ere kentzen zaie hautsa apaletako liburu zaharrei. Batean edo bestean Afganistani buruz entzuten du dozena t´erdi belarrik edota Ukrainako gatazkaren beste kontakizun bat bilatzen. Elkar ia ezagutzen ez duen jendea borondatez batzen da, ez parrandarako, baizik eta balio-lanaren teoriaz, kapitalaz, askatasunaz… solasteko. Gazte batek edateko iturri berriak arakatzen ditu sarean astelehen arratsaldez. Eta beste hainbat zirrikitu.

Ez. Ez da mamu bat. Existitzen da. Bizi baldintzak okerrera doazen honetan, badago gogoa bizi dugun mundua ezagutzeko eta horren funtzionamenduaren lege eta joerak ikasteko, eta, ondo bidean, horren aurrean posizio hartzen eta ekiten ere ikusiko ditugu gertukoak. Erreakzioak erreakzio, ausartak izateko garaia da. Aurrera egitekoa. Ez denboran, historian baizik. Hanka sartzera arriskatzekoa, eta sartuz gero, ateratzekoa. Koldarkeria kontserbadoreari eta erosozale atzerakoiei entzungor egitekoa.

Bakoitzak ikusiko du zertan egikaritzen den dituen barne kontraesanen sintesia. Loa kenduko ez dionak, aldiz, badu beste aukera bat: indiferentzia.