Madalenak eta izozkiak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Astigarraga 2022ko uzt. 26a, 11:18

Akaso, bizitza ez da erabakiak hartzea baino askoz gehiago. Bada izozkiaren zaporea hautatzean kafea eta limoia nahastea aukeratzerik eta baita kontsekuentzia gogorragoak dituen erabakirik ere. Gaur, erabaki bat hartzen duzu, eta bihar kriminalizatua zara, seinalatua, epaitua. Erreakzioak gutxitan egiten du huts.

Moral bikoitza zer den, pertsona batek bere erabakien ondorioak jasaten dituenean ez da beti erantzun berbera izaten. Batzuetan zalaparta, besteetan isiltasuna. Babesa, zein eskarnio publikoa. Beruna edo zilarra.

Oraingoan ere, ez da ezusteko handirik izan zalaparta eta isiltasunetan. Aurpegi publikoek garbitu dituzte eskuak, badaezpada. Masa hedabideak ere eurenean, zuriak belzten eta… beltzak zuritzen. Bitartean, batzuek borondate hutsez lagundutako haurrak etxegabetuko dituzte bortxa betez besteek. A ala Z. Zuri edo beltz. Grisik ez! Ez dago beste aukerarik.

Nik limoia.