Societas sana in mundo sano

Erabiltzailearen aurpegia Manex Astigarraga 2023ko api. 3a, 12:55

Errealitatea ideiaz eta materiaz osaturik omen dago, arimaz eta gorputzaz. Ez dakit. Dakidana da ideal handi eta puruek ez dutela sekula lekurik izan lurrean. Bai, ordea, gizabanako askoren baitan.

Ez nuke inondik inora halakoek duten garrantzia gutxietsi nahi; halere, idealok sarri egon dira praktika eta prozesu errealekin kontraesanean, itxuraz bederen. Errealitatea hala baita, korapilatsu eta tematia, ideia handienak ere lurrerarazteko lain. Eta… praktikak errealistatzen du ikuspegia.

Oinak lurrean dituenak soilik aintzatets dezake, argi-itzal guztiekin, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak gizateriaren aurrerabideari eginiko ekarpena edota Errusiar Federazio kapitalistak mendebaldar inperialismoaren aurrean nazioartean daraman lehen lerroko jarduna aitortu. Zerrenda amaiezinean beste hamaika kasu jar litezkeen arren, hobe hain urrutira joan gabe geure txikitik ekitea.

Izan ere, idealen eta errealitate objektiboaren arteko kontraesanik handiena (eta agian barkaezinena) esaten denaren eta egiten denaren artean ager daitekeena da. Ziurrenik, denok dugu zinikotik eta hipokritatik apur bat (gutxienez), baina, zahartzea bizitzan zehar harturiko erabakien zama motxilan eramatea bada, busti ez denaren motxilan ezin aurki daiteke historia interesgarririk, ezta ikasgai handirik ere.

Hitz potoloetan aztarrika ibili baino, hobe busti, beraz. Itsasoak aldi zakarrak bere dituen arren, ura ez baita inoiz egoten dirudien bezain hotza.