Ohitura zaharrak mantentzen dituzte oraindik ere Irlandan. Gure inguruan bizi diren sidheak (iratxo edo inguma moduko izakiak) pozik mantentzea, edo ez haserretzea behintzat, ohitura askoren helburu bakarra da. Sidheek, haserretzean, madarikazioak eta ezbeharrak ekartzen dizkiote haserre horren eragileari. Gauez ura kanpora botatzerakoan, adibidez, oihuka abisatzen zaie, nahi gabe ez bustitzeko.
Sidheak elorrien inguruan batzen dira, eta euren mundurako pasabideak ere elorrietan daude. Horregatik, elorri batzuk sakratuak dira, bakarka hazten direnak batez ere, eta beste batzuk, aldiz, magikoak. Elorri gehienak zuhaitz arruntak dira, ordea.
"Ez dut oso ondo ulertzen zer diren sidheak, baina kontuz ibili behar badaezpada... Gainera, zuhaitzak ez mozteko edozein arrazoi da ona!"
Elorri magikoak iturri ondoan hazten dira eta sendatzeko ahalmena omen daukate; gaixoaren arroparen zati bat moztu eta zuhaitzera lotuz gero, oihala usteldu ahala gaixotasuna ere makaltzen ei da. Sakratuena, ordea, zelai baten erdian harriz inguratua hazten den elorria da. Baserritarrak kontu handiz egingo ditu lanak inguruan, sidheei trabarik egin gabe.
Ez dira aspaldiko kontuak bakarrik. 1999an, Limerick eta Galway arteko errepide berria desbideratu zuten, herritarrek hala eskatuta, elorri sakratua mozteko beldurrez. Hamar urtez atzeratu zituzten lanak.
1980an, Belfast inguruan, DeLorean auto fabrika eraiki behar zen lekuan ere bazen elorri sakratu bat. Langileek hura mozteari uko egin zioten eta jabeak berak bota zuen elorria, bulldozerrarekin. 1982rako porrot egin zuen konpainiak, eta askok zuhaitza moztu izanari leporatzen diote porrota.
Ez dut oso ondo ulertzen zer diren sidheak, baina kontuz ibili behar badaezpada... Gainera, zuhaitzak ez mozteko edozein arrazoi da ona!