Ia urtebete gabiltza COVID-a gora eta COVID-a behera. Urtebete eskuak etengabe garbitzen, musukoa ipintzen eta kentzen eta, eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra estaltzen. Eztulari ez zaio normalean erantzunik ematen, baina doministikuari segituan “Jesus” batekin erantzuten diogu.
Doministiku izena latinezko “Dominus tecum” esapidetik dator (euskaraz Jauna zurekin), doministiku egitean hori esaten baitzitzaion usinlariari. Beste hizkuntza askotan ere antzerako erantzunak ematen zaizkio. Normalean, osasuna opatzen dute hizkuntza batzuetan eta jaungoikoari errefentzia egiten diote besteetan.
Doministiku egiterakoan egiten dugun soinua ere herriz herri aldatzen da. Ikasitako soinu bat da, ez berezkoa. Euskaraz normalean atxis moduko bat egiten dugu, ingelesez achoo, kroazieraz apcih, italieraz etciú eta japonieraz ハクション!.
Doministikuari buruz hainbeste tontakeria nondik atera ditudan pentsatzen ari bazarete, hemen, Irlandan, hirugarren konfinamenduan gaudelako da. Behar-beharrezko dendak bakarrik daude zabalik, tabernek urtebete daramate itxita, eta etxetik ariketa fisikoa egitera bakarrik irten gaitezke. Hori bai, etxetik 5 km baino gehiago urrundu gabe. Etxekoak ez direnekin ezin gara elkartu eta urtebete gabiltza telelanean honezkero. Interneten bukaerara iristeko gutxi falta zaidala esango nuke.