Deban udaberria hasi berri dagoenean, Irlandan udarako gutxi falta da. Arrazoia zein den? Antzinako egutegi zelta jarraitzen dutela oraindik. Egutegi zelta antzinakoa da, kristautasuna baino zaharragoa eta guretzat nahiko aldrebesa, noski. Egunak, adibidez, iluntzean hasten ziren.
Urtea eta negua azaroaren 1ean hasten ziren, Samhain egunean. Espirituen munduaren eta gure munduaren arteko mugak nolabait ahultzen dira sasoi horretan. Halloween Samhainetik dator, Amerike-tan komertzializatu zena beranduago. Halloween jaieguna da gaur arte.
Urtearen bigarren erdia, erdi argia, maiatzaren 1ean hasten zen, Bealtaine egunean. Samhain eta Bealtaine ziren urteko jaialdi nagusiak, erlijioan, nekazaritzan eta abeltzantzan oinarrituak. Ganadua, uztak eta herria babesteko errituak egiten zituzten bai Samhainen eta bai Bealtainen, eta festak ere bai. Maiatzaren 1a jaieguna da gaur egun ere.
Udaberria otsailaren 1ean hasten zen, Imbolc egunean. Brigid jainkosa omentzen zuten egun horretan. Kristauek Saint Brigid ipini zioten, eta gaur egun ere jaieguna da.
Udazkena abuztuaren 1ean hasten zen, Lughnasadh, Lugh jainko zeltaren omenez. Mendi puntetan egiten ziren Lughnasadh ospakizunak. Gaur egun ere, tradizioa nolabait kristautasunera birziklatu dute eta Croagh Patrick mendira igotzea ohitura da. Eta, bai, abuztuaren 1a ere jaieguna da.
Ohitura asko galdu diren arren, benetan harrigarria da ikustea beste zenbat mantendu diren belaunaldiz belaunaldi, gaur artean, izenak pixka bat aldatuta. Eta, gainera, jaiegunak direnez, ni pozik.