Ostiralean Miñan antzezlana ikusi nuen Ermuko antzokian. Uda honetan liburua irakurri nuen, eta espektatiba altuekin joan nintzen antzerkira. Ibrahima Balderen hitzak dira, Amets Arzallusek idatziak, eta oraingoan Ander Lipusen zuzendaritzapean antzerkira egokituak.
Miñan testigantza bat da: Afrikako herrixka batetik Euskal Herrira iritsi den pertsona baten historia, lehen pertsonan kontatua. Gineatik bere anaia txikiaren bila abiatu zen Ibrahima. Bidean, desertua gurutzatu zuen, Libiako infernua ezagutu, Aljeriara iritsi, Marokon zodiaka hartu, eta itsas salbamenduko erreskate bati esker Europara heldu zen. Migrazioaren odisea kontatzen digu; egarriak, goseak eta minak sorturiko sufrimendua deskribatuz.
"Antzezlana bera oso ondo egina zegoen eta aktoreek lan bikaina egin zuten, baina ez zen hori bakarrik han bildu ginenok txalotzen genuena"
Antzokia bete-beteta zegoen, sold out. Antzezlana bukatu zenean, zerbait berezia gertatu zen. Obrako lau aktoreak oholtzara atera zirenean, ikusleak txaloka hasi ginen. Hasieran, ikusleen erreakzioa ohikoa izan zen: txalo zaparrada bat. Baina gero eta ozenagoak ziren gure txaloak; ez dakit zenbat minutu iraun zuten. Gutxika-gutxika, ikusle guztiak tente jarri ginen, eta luze jarraitu genuen txaloka, aktoreek hunkituta, negarrez, begiratzen gintuzten bitartean.
Txalo zaparrada horri buruz pentsatzen geratu nintzen. Antzezlana bera oso ondo egina zegoen eta aktoreek lan bikaina egin zuten, baina ez zen hori bakarrik han bildu ginenok txalotzen genuena. Gure artean dauden Ibrahima Balde guztiei egin genien txalo: beren bidea ondo bukatu dutenei eta bidean geratu direnei ere bai.