Familia ugariak. Familia txikiak. Familia nuklear tradizionala. Guraso bakarreko familiak (bananduak, alargunak, borondatez hala erabaki dutenak…). Gurasoen banaketaren ostean sortutako familia berriak (familia berreraikiak). Ezkondutako gurasoen familiak. Izatezko bikote ezkongabeak. Seme-alabarik gabeko familiak. Pertsona bakarreko guneak. Adopzio familiak. Harrera familiak. Familia homoparentalak (sexu bereko bikoteek sortuak). Ugalketa lagunduaren bidez jaiotako umeen familiak (kasu batzuetan bi gurasoekin ala batekin lotura genetikorik ez dutenak). Subrogazioaren bidez sortutako familiak. Familia hedatua. Tribua…
Azken urteetan instituzio batek aldaketak izan baditu, hori FAMILIA izan da. Seguru goian aipatutako familia eredu bakoitzean norbait ezagutzen duzuela; eta aniztasun horretan jaiotako umeak ez direla elkarren artean hain ezberdinak. Gogoan ditut 90eko hamarkadan gai honen inguruan sortzen ziren eztabaidak: haurren hobe beharrez familia tradizionalari eutsi behar zitzaiola argudiatzen zen eta egitura tradizionaletik kanpo zeudenak familia ”desegituratu” modura ezagutzen ziren.
Egun badakigu familia tradizional desegituratu ugari dagoela (eta egon dela) gure artean, eta, beraz, familiako kideen ongizatea ez dagoela bere egituraren baitan. Zeren baitan dago orduan? Nire iritziz elkarri diogun maitasunaren eta zaintzaren baitan. Horren harira, familia bihurtu den lagun batek esan zidan esaldia partekatuko dizuet: “Odolak senitartekoak soilik sortzen ditu, maitasunak familia”.