Erabakiak hartzea zaila egiten zait. Batzuetan, ezinegona sortzen didan egoera baten aurrean ez dakit nola jokatu. Agian arazoa nirea da, eta horrela bizitzen ikasi behar dut. Ala agian egoera onartezina da, eta egoera bera aldatzeko egin beharko nuke borroka. Zalantza hauek bizitzako hainbat esparrutan errepikatzen dira; lan munduan, bikote harremanetan… Zein konplexua den erantzun zuzena asmatzea.
Inguruan jasotzen ditugun mezu gehienek egokitzen ikasi behar dugula esaten digute. Familia eta lagun arteko elkarrizketetan, sare sozialetan eta ikasgeletan ere entzuten ditugu horrelako esaldiak: “gure emozioak kudeatzen ikasi behar dugu”, “pentsamendu positiboa izan behar dugu”, “zoriontsu izatea gure esku dago”, “erresilientzia garatu behar genuke”.
Baina gure osasun mentala arriskuan jartzen duen errealitate batera egokitzen ikasi behar al dugu? Bizi dugun egoera bat ez bada bizigarria, ez dugu kudeaketa emozionala behar; bai, aldiz, gure ezinegona zerk sortzen duen aztertzeko gaitasun kritikoa garatzea. Hori baita egoera aldatu ahal izateko lehen urratsa.
Horregatik iruditzen zaizkit garrantzitsuak hezkuntzan gizarte zientziak, historia, filosofia eta balio etikoak bezalako ikasgaiak; gure mundua eta ingurunea ulertzen laguntzen digutelako. Hausnarketarako prestatzen gaituzte. Eta, maiz hanka sartzen jarraitu arren, onargarriak eta onartezinak diren egoerak ezberdintzen ikasten badugu, gaitz erdi.