Binilo arrosa hori lortu nahi nuke, bi esku marraztuta dituena, Mary Lou Williams-en “Mary Lou Williams”. Bada, nahiz eta disko hori sarritan entzun dudan Spotify-en, fisikoki nire eskuen artean eduki nahi dut, eta altxor bat bezala zaindu eta gorde.
Gomendio batekin nator oraingoan irakurle kuttuna. Hirurogeiko hamarkadako jazz espiritualaren erakusle handienetakoa, emakume beltz batek sortu eta ekoiztua. Williams-en min eta beldurrak nabaritu daitezke disko osoan zehar, kristautasunean aurkitutako esperantzarekin nahasturik. Elegantziaz jositako koral batekin hasten da diskoa, konplexua eta iluna, oso liturgikoa, Saint Martin des Porres. Musika erlijiosoak behar zuen modernitate eta sofistikazioa erakusten du pieza honekin, baina nondik zetorren ahaztu gabe; halaber, lehenengo emakume beltza izan zen “jazz mezak” idazten.
Emakumea, beltza eta txiroa izatea oso garesti ordaintzen zen XX. mende hasierako Estatu Batuetan. Hala eta guztiz ere, hegoaldeko esklabu askeen alaba izatetik jazzaren historia lehenengo pertsonan bizi ahal izatera iritsi zen, eta handienen irakasle bilakatu. Garaiko musikariek zioten Mary Lou Williams swing idazle handienetarikoa izan zela, Duke Ellingtoren edota Benny Goodmanen tamainakoa; zoritxarrez, ez dugu jazzaren historia kontatzen duten liburuen artean hain erraz aurkituko. Zer sorpresa, ezta?