Etxe bila gabiltza

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Tellabide 2022ko mai. 30a, 10:23

Ez nuen uste hain zaila izango zenik. Badirudi Iruñean, eta hiri handi gehienetan, saltzen dagoenaren laurdena dagoela alokairuan. Eta nahiz eta hirurehun aukera baino gehiago ditugun, ez dugu gure etxea aurkitzen.

Hiru pertsona eta txakur bat gara, Lagun (batzuek ezagutuko duzue agian). Musikariak gara guztiak eta bakoitzarentzako gela bana behar dugula adostu dugu. Nire bikotearen eta nire logela, beste lagunaren logela, eta gela bana bikotearentzat eta niretzat. Guztira, lau. Bi bainugela, posible baldin bada, garaje plaza (oso kotizatuak hiri batean) eta erdigunetik aldenduta. Aukeran, altzariekin. Bestela, gutxienez balkoitxo bat. Guztia 1.200 €-ko preziotik behera, mesedez.

Jabeek pertsona arduratsuak nahi dituzte, diru-kontu lodiekin, lanpostu egonkorrekin, ez daitezela erretzaileak izan, animiliarik gabekoak, eta bi hilabeteko fidantza eta etxe-agentziarentzako beste hilabete bat (BEZa barne) eskatzen dituzte. Hori bai, etxea 1980koa da, orduko altzariekin, leiho gehienak ezin dira ireki, armairuak… ze armairu? Telebistarik ez, argirik ez, eta eguzkia egunean ordu-erdiz ikusiko duzu: 1.300 €, mesedez.

2008ko krisi ekonomikotik bizi-kalitatea okerrera besterik ez doala nabaria da. Gaur egunean, lanpostu egonkorra izatea ia ezinezko ikusten dut; baina ez baldin badaukat, ez daukat soldatarik. Eta soldatarik ez badaukat ez naiz alokairu baterako aukeragarria izango. Ez badaukat etxerik ezin naiteke inon finkatu. Etxebizitzen espekulazioa urrunegi iritsi da azken urteetan, onartezina da alokairu batek soldata oso baten balioa izatea. Nire generazioak ez du lan egingo bizitza bizitzeko, bizi ahal izateko baizik. Diru kontuak ez dira politak, baina guztian agintzen dute, zoritxarrez.