Urtea bete da oraintsu Koldobika Jauregi zendu zela. Hori dela eta, itsasertzeko txoko polit batera joan zait gogoa. Ederra izaten zen Sorozabal pasealekuan eskailera gutxi batzuk jaitsi eta itsasoari gertu-gertutik diosala egitea; bertako eserlekuan eseri eta harekin solasean patxadaz jardutea, noiznahi.
Zezena eta gizakia; gizakia edo zezena? Zein zeinen gainean, alboan edo barruan oso argi ez dela. Gorputz-adarrak itsasoari zabal, zer edo zer eskainiz, edo eskatuz (ohikoagoa). Jauregik omenaldia egin nahi izan zion dirudienez Sorozabali bere eskulturarekin. Euskal eta espainiar musikari egindako ekarria aintzatetsi nahi zion haren bitartez, eta kulturak sormena eta identitatea sustatzen dituela adierazi.
"Ezin gehiago herritarrok lekuaren magiaz edo Jauregiren lanaz gozatu. Ezin aurrerantzean omenezko omen zen lanak bere funtzioa behar bezala bete"
Baina lan hori aspaldi ez dut neure begiz ikusi. Itsasoa azpitik jaten ari zaio bere oinarria, eta arriskutsua da, antza, guretzat bertaratzea. Ez berarentzat han bizitzea?
Ezin gehiago herritarrok lekuaren magiaz edo Jauregiren lanaz gozatu. Ezin aurrerantzean omenezko omen zen lanak bere funtzioa behar bezala bete.
Badirudi Jauregik berak aukeratu zuela eskulturaren kokalekua. Itsasoaren bizilagun jarri nahi zuen betirako, akaso horrela soilik borobiltzen delako bere zentzua, ez dakit. Baina lehengo auzo bizia ez da oraingo hau, eta horregatik galdetzen diot sarri nik neure buruari: behin-behinekoa ia behin betiko bihurtzen deneko denbora tarte horretan, ez al dago Jauregiren lanarentzat bizileku egokiagorik? Alaiagorik?