Gorabeherak

Erabiltzailearen aurpegia Lukax Dorronsoro 2021ko uzt. 20a, 18:53

Ametsetako bizileku gertatu zaigu Deba kanpotik etorriak garenoi. Mendi eta ibar, itsaso eta ibai, hondartza eta harkaitz…

Munduan izango du antzekorik, baina atseginagorik nekez, mugakide zaigun Mutriku lagun.

Errotazarreko zubia egin zutenetik, ohiko ibilbide dut futbol zelairainokoa. Gune zoragarria, baratza, jolastoki eta parketxo basatiz osatua.

Zenbat eta tokia ederrago orduan eta nabarmenago eta desatseginago azaltzen dira, ordea, lekuan lekuko ezbehar eta akatsak ere. Hala gertatu zitzaidan niri aspaldi, futbol-zelai ingurura lehenbizikoz hurbiltzean. Handik zetorkidan entrenatzaile eta jokalarien arteko hitz-istilu ozena gaztelaniaz baitzen erabat, jokalari gehienak euskal eskolako ikasle izan arren.

Bihotzean min dut, min etsia,

negar isila darion mina…

Lizardiren olerkia oroituz alde egin nuen. Futbol-zelaitik aparte ibiltzen ahalegindu nintzen ordutik.

Duela pare bat urte zubi zaharrak “krak” egin zuen. Konponketak zailtasun bereziak zituela eta, burdinazko egitura batetik zintzilikatu zuten. Jendeak horren gainetik ibili behar izaten du, eskaileratzarrak igo eta jaitsiz. Egun, zaila da ulertzen…

Bada urtebete futbol-ariketei so egoten naizela berriz, euskarazko solasa entzun eta jolasa gozatzen. Txalo egungo entrenatzaile eta jokalariei! Bestalde, zubi zaharrean ganoraz ari dira konponketa-lanetan eta badirudi laster desagertuko dela tramankulu itsusi eta lotsagarria. Beraz,

Gabiltzan kalez kale

umore onean.