Pasiatzera…

Erabiltzailearen aurpegia Lukax Dorronsoro 2022ko uzt. 28a, 12:31

…goazen Mutriku aldera… Gerra usaineko abesti herrikoitua. Zer egiten zuten bestela aireplanoek Mutriku aldeko uretan? Nolanahi ere, hori ez da kuestioa; pasiatzera doa Debako jendea udaberriz eguzki giro argia egonkortzen hasi orduko negu hotz goibeletik ihes. Itsasertza eta itsasoa beti zer ikusia eskaintzen; beti berbera, beti berria, beraz, pasiatzera, goazen…

Bai, Deba ibaiak pasatzen uzten badigu. Noizbehinka puskatu egiten digu zubia eta, horra!, bi urtez eutsi behar izan diote burdinazko tramankulutzarrarekin itsasoak eraman ez dezan, haren gainetik ibili behar izan dugu bi aldeetako jendeok neke eta arrisku artean.

Bukatu dute behintzat uda hasi aurretik. Eta polita geratu da benetan, ea urak bezain indartsu irauten duen…

Atseginez egon zaizkit luzaro begiak zubi dotore berrituari so; sudurra, ordea, ez! Atzeraka egin dit soinak ibaitik edo zetorren kiratsak eraginda. Eta ez da gaurko kontua, ezta oraintsukoa ere, aspalditik dakartza ibaiko urak usain txar eta era askotako koloreak, ekaitz-urek eurena dutena ez bezalakoak.

Gaur arratsaldeko seietan Casacampo aldera nindoala gazte multzo bat ikusia dut zubi gainetik ibaira salto eginez. Kiratsera ohitu egin da nonbait alde horretan maiz dabilen jendea. Agian ez da osasunarentzat batere kaltegarri eta horregatik dabil jendea kexa gabe. Bestela osasunaren ardura duten herri-langile eta politikariek bilatuko zioten dagokion konponbidea hain nabaria eta iraunkorra den gertaera desatseginari. Nolanahi ere:
pasiatzera, goazen…