Deba-Mutriku arteko zubi berritua bikain eta dotore geratu zaigu benetan eta gorespen eta txalo zaparrada mereziak jaso ditu, herritarrengandik eta urrutietako Deba zaleengandik ere, ez baita gutxiagorako horren historia luze eta gorabeheratsua kontuan hartzen badugu.
Kezka-biderik ere bada, ordea, eguneroko joan-etorrietan ibaiaren egoera aldakorrari so egonez bidaiatzeko ohitura dugunontzat. Ura garbi samar dator itxuraz, aldian behin kirats-usain zikina badario ere. Horra! Arrainik ia batere ez da ageri azkenaldi honetan, ordea, orain dela gutxira arte Mendarotik goragoraino korrokoiz eta bestelakoz gainezka ikusi izan dugun ibaiaren bi ertzetan.
Zerk edo nork izutu eta bidali ote ditu gure inguru hauetatik? Noren agindu eta mesedetan desagertu ote dira? Agian halabehar errugabearen ondorio arrunt bat baino ez da izan. Ez gara, noski, orain hasiko zubi-berritzeak ekarri digun kaltea dela esaten. Horixe bakarrik falta litzaiguke debarron izen ona aupatzeko.
A! eta egunero itsasotik ibai gainean zehar Elgoibar alderaino hegaldi-dantza ikusgarrian joan-etorri etengabean ibiltzen diren kaio-sail oparoak? Egunean bakarren bat soilik ikusten dugu azkenaldian.
Bai, eder dago benetan Deba-Mutriku zubia! Triste dago, ordea!, bizidunik gabe geratu baita, uretan nahiz airean. Zer egin?!!!
Garai batean errogatibak egin izan genituen elizan, lehorte handietan lainoei euria eskatzeko. Zeri edo nori erregutu diezaiokegu aberats genituen gure ur hauetara eta airera kaioak itzularazi ditzan? Anbotoko Mariri, Aralarko Migel aingeruari?…