GUTUNA

"Diskriminazioa gaindituta, liburutegia denontzat izango da"

Erabiltzailearen aurpegia Liburutegia Denontzat

Bai, lortu dugu! 2023ko azaroan sortu zen Liburutegia Denontzat taldea. Helburua: Debako liburutegian urte luzez haurrekiko eta zaintzaileekiko ematen zen diskriminazioa etetea. Ia bi urteko borrokaren ondoren, hemendik eta handik ate-joka ibili ostean, herritarren babesa jaso (500 sinadura bildu, 130 gutun bidali Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura) eta udal gobernuari bideratu eta gero, hainbat kale liburutegi eta hamaika ekintza burutu ondoren, azkenean lortu dugu udalak gure eskaerak aintzat hartzea eta liburutegiak urte luzeetan izan duen arautegi diskriminatzailea aldatzea. Ekainaren 16az geroztik Debako liburutegiak ateak eta ordutegiak denoi zabaldu dizkigu eta arautegi berriaren arabera funtzionatzen hasi da. Haur, gazte, heldu zein nagusi, denok edukiko ditugu eskubide eta betebehar berdinak.

Oinarrizko eskaerak ziren Liburutegia Denontzat taldearenak eta arautegi berriak hauek jasotzen ditu: haur liburutegian ez da adin-tarteen araberako ordutegirik egongo eta liburutegi orokorrak duen ordutegi bera izango du; 0-2 urteko umeek haur liburutegian egoteko aukera izango dute —lehenago ez bezala— eta erabiltzaile txartela egin ahal izango dute. Aldaketa hauekin batera, liburutegiaren aro berri honetan zaintza erdigunean jartzea eta malgutasunez jokatzea espero dugu.

Bidea ez da erraza izan eta eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan nola edo hala (babesa ematen, gure ekimenetan parte hartzen, zuen testigantzak gurekin partekatzen, animoak ematen) hor egon zareten guztioi. Eskerrik asko eta zorionak zuei ere, denoi, diskriminazioa gaindituz eta denona den ondasun honen —liburutegiaren— funtzionamendua hobetuz, denok irabazten dugulako, bizikidetza sustatuz herriak irabazten duelako.