Eskubideez ari gara, ez norbere gustuez

Erabiltzailearen aurpegia Liburutegia Denontzat Taldea 2025ko ots. 13a, 22:30

Debako Udal Gobernuak berriki argitaratu duen komunikatuak dio “Debako Udala kontziente da egungo araudia ez dela erabiltzaile guztien gustokoa”. Haurren, gaztetxoen eta euren zaintzaileen eskubideez ari gara, ez gustuez.

Diote “espazioa mugatua” da eta “modu errealistan kudeatu” nahi dutela. Baina zer da liburutegiko espazioa mugatua izatea? Zer esan nahi du horrek? Ez direla kabitzen umeak Haur liburutegian? Liburutegiko espazioen erabileraren harira, Udalak 2024ko udaberrian liburutegiaren datu-bilketa bat egitea bultzatu zuen. Liburutegiko espazio desberdinetako erabiltzaile kopurua zenbatu zuen liburuzain arduradunak lau hilez. Ondoren, iazko udazkenean, analisia aurkeztu zuten. Horren arabera, Debako Haur eta Gazte liburutegiko erabiltzaile kopurua egun osoan, bataz beste, 8 erabiltzaile dira (erabiltzaile lez hartzen ditu, gainera, liburua itzultzera datozenak ere, sarrera irteera guztiak, alegia) eta 23 eserleku daude Haur liburutegian. Liburutegi orokorra, berriz, bataz beste orduan 5 erabiltzaile izatera ez da iristen (erabiltzaileen sarrera-irteerak barne) Udaleren azterketaren arabera. Eta 44 eserleku daude guztira (ikasteko gela kontuan izan gabe). Udalaren analisiko datuek ez dute bada espazio faltarik islatzen inondik ere.

Halere, Liburutegia Denontzat Taldeak ez du ulertzen zergatik erabakiak bakarrik eragiten dieten haurrei. Zergatik ez zaie aplikatzen ordutegi murrizketa kolektibo guztiei? 

Haur liburutegian 0-2 urtekoak egotea onartuta eta ordutegia liburutegi orokorreko berdina izanda, kontuan izanda, gainera, liburuzaina egoten dela Haur liburutegian ordutegi osoan, “Bizikidetza zailduko litzateke”. Haur-liburutegia gainerakoarengandik bereizita dago. Hormak eta atea ditu; sarrera desberdin bat duen ikasteko gela berri bat dago helduentzat, isiltasun osoa behar duenarentzat; badago, gainera, “isilik” egoteko eremua liburutegi orokorraren barruan ate batekin; badago beste espazio zabal bat hitz egin daitekeena. Nola eragin dezake haurren ordutegia murrizteak, ordutegia adineka banatuta egoteak, gainerakoengan? Bizikidetza eta diskriminazioa ez dira bateragarriak. 

Udala liburutegiko espazio mugatuaz da mintzo, “ez da borondate kontua, udal liburutegiak eskaintzen dituen aukera errealei erreparatzea baino”. Orduan zergatik 0-2 urtekoek ezin dute Deban erabiltzaile-txartela izan? Eta zergatik ezin da Debako Haur liburutegian beste liburutegi bateko liburu bat ekartzeko eskatu, liburutegien arteko mailegua, alegia? Eta zergatik ezin dute haurrek margorik erabili Haur liburutegian? Norbaitek mahaia edo libururen bat pintatu dezakeelako agian? Eta haur denei margotzeko aukera kendu? Ezarri daitezke arauak, gogorarazi eta ondorioak aplikatu araua hausten duenari? Gainera, badute zer ikusirik debeku horiek espazioarekin?

Komunikatuak dio “Udalaren ardura eta betebeharra da herritar guztien interesak eta beharrak zaintzea”. Eta gaineratzen du, “Udalaren betebeharra da erabilera ekitatiboa eta orekatua bermatzea”. Adierazpen horiek baikorrak dira, baina, egun, umeak eta zaintzaileak baztertzen dira Debako liburutegian. Elkarbizitza eta bizikidetzaren izenean, herrian Hausnarketa Plan bat abiatu beharko litzatekeelakoan gaude: zer izan da liburutegia, zer da orain eta zer izan daiteke aurrerantzean. Begirada ireki beharko genuke, elkarlanerako borondatea izan. Udal Gobernu honen aukera izan daiteke aurrez egin ez dena egiteko. Liburutegia Denontzat prest dago adostasunak bilatzen hasteko eta egungo arautegia aldatuz gero, sor daitezkeen, arazo hipotetiko horien inguruan konponbideak bilatzen hasteko. Horrela, herritar guztien interesak eta beharrak zainduko lituzke Debako Udalak.