Urtebetez liburutegia denontzat eskatzen

Urtebete pasatxoko ibilbidea egin du Liburutegia Denontzat Taldeak. Haur eta gazteen liburutegia, herritarron zerbitzu bat, hobetzeko asmoz elkartu ginen. Herritar guztiek, adin diskriminaziorik gabe, liburutegian egoteko aukera berdina izateko eskaera jarri genuen mahai gainean.

Taldeko kideak liburutegiko erabiltzaileak gara —helduen eta haurren liburutegikoak—, ­eta haurren liburutegiak funtzio garrantzitsuak betetzen dituelakoan gaude: irakurzaletasuna bultzatzea, familiak haurrekin egoteko espazio izatea, bai eta gaztetxoen elkargune izatea ere.

Urte luzez indarrean dagoen arautegia aldatzea da taldearen lehentasuna, haurrek eta beren zaintzaileek, gainontzeko erabiltzaileek bezala, liburutegian egoteko aukera izan dezaten. Horregatik, haurren liburutegiko erabiltzaileon beharrak eta eskubideak aintzat hartzeko eskatu genion udalari iazko otsailean. 

Sinadura bilketa ere egin genuen udaberrian, gure aldarrikapenek herrian babes zabala dutela adierazteko. Eta, hainbat eragileren babesaz gain, 500 sinadura bildu genituen. 

Gainera, haurrei eta familiei zuzendutako hainbat ekimen antolatu ditu taldeak; Kale liburutegia izena erabili dugu ekintza horiek izendatzeko. Aurrena, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, ipuin kontaketa eta taldearen logoaren horma-irudia egin genituen; tximeleta ugari margotu eta moztu zituzten umeek, ondoren horma-irudian itsasteko.

"Topaketa arrakastatsuak eta aberasgarriak izan dira, eta zenbait gabeziaren erakusle, era berean"

Ekainean, txikienek orri-markatzaileen tailerraz eta audioipuinaz gozatu zuten, eta elkartasun argazki jendetsua atera genuen zumardian. Udazkenean, berriz, Liburutegien Nazioarteko Eguna aintzat hartuta, mikroipuinen erakusketa eta irakurketa antolatu genuen helduentzat eta gazteentzat, Plaza Zaharrean. Eta txikienentzat ipuin kontaketa eta ilustrazio-tailerra izan ziren. Kale liburutegia sormenerako gune ere izan zen.

Azaroan, Euskeraz Bagera egitasmoaren baitan, ipuinetako protagonistei egin genien tokia: photocall-ak margotzeaz eta argazkiak ateratzeaz gain, haurrek eskuko txotxongiloak egin zituzten. Eta urteari amaiera emateko, umeek Olentzerorentzat eta Mari Domingirentzat gutunak idatzi eta margotu zituzten. "Liburutegira nahi dugunean joan ahal izatea" izan zen eskaeretako bat.

Topaketa arrakastatsuak eta aberasgarriak izan dira, eta zenbait gabeziaren erakusle, era berean; baieztatu baita umeek eta beren zaintzaileek liburu artean murgiltzeko espazioa behar dutela. Gainera, liburutegiak umeentzat antolaturiko ekintzen edo tailerren hutsuneaz jabetu gara, eta horien premia ere badugu herrian.

Urte berria, aldarrikapen bera

Urte berrian, liburutegia denontzat eskatzen eta elkarbizitza aldarrikatzen jarraituko dugu. Era berean, Kale liburutegia sortzen segituko dugu: adin guztietako haurrak eta familiak elkartzen (irakurtzeko, margotzeko, ipuinak entzuteko...), taldearen aldarrikapenekin bat egiten, eta Ostolaza liburutegiak etorkizunean, agian, beteko dizkigun beharrak asetzen nolabait.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu taldearen aldarrikapenekin bat egin duzuen guztioi, eta aurrerantzean antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.