IRITZIA

Liburutegia Denontzat Taldea: "Denon liburutegia"

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko urt. 29a, 10:02

Hona hemen Liburutegia Denontzat Taldeko kideek urtarrileko Berriketan herri aldizkarian argitaratutako iritzia:

Ipuinak eta ipuinez betetako liburutegia nahi ditugu gure umeentzat, eta umez betetako liburutegia herriarentzat. Jakintza garatu nahi duten herritarren espazioa da liburutegia. Ez da liburuzainarena, ezta erakundeena ere... Bertara joaten diren erabiltzaileena da, komunitatearena, zerbitzua jasotzen duten pertsonena.

Liburutegia ez da liburuen gordailua, Interneterako sarbide puntua edota mailegu zerbitzua soilik. Ondarearen gordailu izan behar du liburutegiak, eta ondarea ez da soilik apaletan pilatzen. Ondarea pertsonen esku dago, erabiltzaileon esku, herritarron esku, eta birsortu egiten da gainera. Bada, liburutegia komunikazio-gunea da; elkarrizketak sortzen diren liburutegia aberatsa da eta hori ez da isiltasun osoarekin lortzen. Honela dio Gonzalo Oyarzún liburuzainak Liburutegi imajinatua. Komunitateak ereiteko lorategia liburuan: "Liburuek erabil dezatela espazio osoaren %30, ez gehiago. Eta sortu topaguneak, komunitatea aberasteko jendearen elkarguneak". Liburutegiko erabiltzaileok ez ditugu soilik liburuak behar, ipuinez gozatzeko espazioa behar dugu, guk ere elkargune gisa ulertzen dugu liburutegia. Umeentzako programak, tailerrak, irakurketa taldeak, ipuin kontaketak... eskaintzen dituen liburutegia.

"Irakurzaletasuna eta elkarbizitza txikitatik ikasten diren balioak dira, horiek dira etorkizuna, baina egungo liburutegiaren arautegiak hainbat muga ezartzen dizkigu"

Liburutegiarekiko dugun maitasuna, gure irakurzaletasuna eta liburutegia erabiltzearen plazera erakutsi nahi dizkiegu etxeko txikienei. Izan ere, irakurzaletasuna eta elkarbizitza txikitatik ikasten diren balioak dira, horiek dira etorkizuna, baina egungo liburutegiaren arautegiak hainbat muga ezartzen dizkigu erabiltzaileoi, eta, horrela, hainbat egoera deseroso sortzen dira.

Horregatik eskatzen dugu gure herriko liburutegiak duen arautegia berrikustea eta ondorengo proposamen hau aintzat hartzea:

Batetik, liburutegiko erabiltzaile izateko adin mugarik ez ezartzea. Hau da, 0 urtetik aurrerako umeek ere erabiltzaile izateko aukera izatea, eta hauen liburutegirako sarrera ez debekatzea. Arautegiak dio 2 urtetik aurrerakoek soilik erabil dezaketela liburutegia.

Bestetik, liburutegiaren ordutegia eta erabiltzaileen ordutegia berbera izatea, adin diskriminaziorik gabe. Alegia, umeek beste erabiltzaileen ordutegi bera izatea. Egun, goizez ezin dira umeak liburutegian egon, eta arratsaldea ere adinen arabera dago banatuta; hortaz, adin-tarte bakoitzak ordutegi bat du. Esaterako, 2-6 urtekoak 16:30etik 17:30era soilik egon daitezke. Honek sortzen duen egoeretako bat da adin tarte desberdinetako anai-arrebak elkarrekin ezin egon izatea liburutegian 17:30etik aurrera. Era berean, hainbat familiak ezin dute 16:30etik 17:30era bitarteko ordutegian bertaratu.

Azkenik, malgutasuna eskatzen dugu haur-kotxeei dagokienean. Familiek euren eta umeen beharrizanengatik, zenbaitetan, liburutegira haur-kotxearekin sartzeko beharra izan dezakete. Egoerak askotarikoak izan daitezke (umea lo egon daiteke eta gurasoak aldizkari bat irakurri nahi izatea, haurrak oinez ez jakitea, eta abar) eta, egoera horietan, liburutegian malgutasunez jokatzea eskatzen dugu, eta haur-kotxeei sartzen uztea, betiere elkarbizitza errespetatuz eta jende pilaketarik eta haur-kotxe pilaketarik ez badago.