Poliziak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Agirrebeña 2021ko abu. 12a, 19:44

Haserre nago. Albistegietan, lagunartean, laneko kafe-orduan ez da beste gairik. Pandemia, arauak, txertoak… Ni ere aspertuta nago gai horiekin, baina egun hauetan bereziki politikariek esandakoarekin sutu naiz.

Jakin badakigu sarritan beraien txotxongilo garela, baina oraingoan gehiegizkoa deritzot. Nahastu egiten gaituzte, orain neurri berri bat, orain gomendio bat, eta gehien harritzen nauena: guk polizia-lanak egiteko gonbidapena. Horren guztiaren atzean, herritarrok elkarren aurka jartzea eta geure artean haserretzea dator. Ez al da gehiegizkoa hori eskatzea?

Horri, gainera, hainbat eta hainbat kontraesan gehitu behar dizkiogu: lehenengo etxeratze agindua irregularra ote zen edo ez, dendak itxita mantendu behar ote ziren edo ez…

Azken urte eta erdian gizarteak ondo erantzun duela esango nuke, baita asko ikasi dugula ere, gure egoera mentala ukituta gelditu den arren.

Ez dut esango arau guztiak zorrotz bete ditudanik, baina lehen ohituta ez geunden era batera bizitzen ikasi behar izan dugula bai. Elkarren irribarrea ikusi gabe, besarkadarik eman ezinda, lagun eta familiarekin nahi baino gutxiago egoten…

Polizia-lanak egin gabe ere, egoera honi aurre egingo diogulakoan nago; beraz, zaindu, eta saiatu momentua aprobetxatu eta ahalik eta ondoen bizitzen.