"Bakean dagoena..."

Erabiltzailearen aurpegia Lander Aranberri 2025eko abenduaren 10a

Etxebizitzarekin eta osasun-sistemarekin batera, segurtasunarena omen da euskal gizartearen kezkarik handienetako bat. Gaur Egunek arma zuridun borrokak aipatzen ditu etengabe; Lo que no te cuentan de... taldeek Pello Reparazek baino fan gehiago izaten dituzte... Arazoak larria behar du izan eta gurera ere iritsi dela uste dut.

"Matrix-eko okerreko pilula hartzearen kontua izango da, baina nago Deban, orain arte bederen, ez zegoela segurtasun krisi larriegirik"

Sanrokeetan, James Bonden filmetako antolakunde bat ibili dela uste dut, dultzaineroen dianaren orduan atentatu ikaragarriren bat exekutatu nahian. Eskerrak zezen plazan izaten ditugun eliteko indarrek ez ziguten pasatzen utzi, bizia salbatuz. Cardenas pasealekuan ere, Daesh-en furgonetak harrapaketa masiboren baterako prestatzen dabiltzala uste dut. Eskerrak prebentzio neurri proportzionalak hartzen ari garen, Whatsappetik jasotako mezu luze batean enteratu naizenez...

Matrix-eko okerreko pilula hartzearen kontua izango da, baina nago Deban, orain arte bederen, ez zegoela segurtasun krisi larriegirik. Eta baten batzuk existitzen ez diren arazoei erremedioa jarri nahian dabiltzala. Mutrikun, futboleko entrenatzaile zena dabil kaleak patruilatzen, eta ez nuke esango Sodoma eta Gomorraren nahaste modernoren bat bihurtu denik.

Burdin-Kurutzen irteerek mendizaletasun sugarrik piztu ez zidaten arren, abeltzainek bide alboan utzitako folio plastifikatuekin akordatzen naiz oraindik: "Bakean dagoena, bakean utzi", jartzen zuten normalean, marrazkitxo eta guzti. Eta aizu, gizakiok ere badakigu hozka egiten bakean uzten ez gaituztenean.