Ez du etenik. Astero, munstro edo ero berri bat agertzen zaigu. Trumpen mahaikide-festa dugu egunotan; aurrekoan, Errejonen pertsona-pertsonaia kontraesanen festa izan genuen; kilometro batzuk harantzago, Netanyahu azken irtenbidea aldarrikatzetik gero eta hurbilago daukagu. Hori gutxi ez, eta eguraldia bera ere erotu ez da bada Mediterraneo aldean!
Munstro, ero. Halaxe izendatzen dugu hurkoa deshumanizatzen duena. Hitz zatar eta gordinez, kasik biraoka ere ekiteraino. Agian horregatik (eta ziurrenik) ez dugu inor ikusiko ideologia deshumanizatzaileen aldeko defentsa moralik egiten. Are gehiago, ukatu egingo du bera halakoa denik ere.
"Munstro, ero. Halaxe izendatzen dugu hurkoa deshumanizatzen duena. Hitz zatar eta gordinez, kasik biraoka ere ekiteraino"
Baina moralak moral, eta boz gora deshumanizazioa gaitzesgarri zaigun bitartean, Fronte Nazionalak Euskal Herrian hauteskundeak irabazten ditu. Donostian, kale gorrian egiten diren afari solidarioak turba bortitzen erasoekin zapuzten dira. Zer esanik ez, festa zein ospakizunen ostean, eraso sexualen kontagailua inoiz ez dela hutsean geratzen. Arazoa segurtasuna omen da. Ez gaitezen harritu, bada, gure gizarte klasertainzalearen "babes" eskaerak une oro entzutean: seguratak, desokupak, poliziak, armadak. Kanporatze masiboak, heriotza-zigorrak. Eta garbitu dezatela garbitu beharrekoa.
Telebista espainoleko La Revuelta saioan, aurkezleak gonbidatuari galdetzen dio ea matxistago edo arrazistago den. Kasualitatez edo, ez diot inori entzun "Bai, matxista/arrazista naiz" onartzen. Munstroen eta eroen gauza izango da.