Dagigun

Erabiltzailearen aurpegia Lander Aranberri 2021ko aza. 23a, 10:58

Pandemiak, garapen teknologikoak, AEBen krisiak, larrialdi klimatikoak, hazkundearen amaierak… aldaketa sakonean aurkitzen da mundua. Mundu zaharra agortzen ari zaigu, berriari heldu ezinik. Globalizazioak erabakiguneak multinazionaletara zein goi-bilera ilunetara urruntzen dizkigu, eta dugun demokrazia apurra irentsi. Munstroen garaia dela esango zigun sardiniar politikari bikain batek.

Udalak, aldundiak… plan estrategikorik egin ezinda dabiltza. Nola hitz egin etxebizitzaz, lanaz, energiaz superinstituzio eta transnazionalekin? Zer erabaki dezakegu hauteskundeetan? Ezkortasunak borondate askatzaileak irentsi ditu mundu zabalean zehar; emantzipazioaren eta bizitza hobe eta justuagoen aldarriak desagertu. Epe motzak jan gaitu; biziraupen hutsak.

A ala B egiteko ordua da (dolua edo damua dio Willisek): globalizazioaren erritmoei jarraiki, geratzen zaigun botere apurra entregatu, edo gure bizitzak, gure errealitateak, gure erritmo eta beharrizanetara egokitu. Hazi edo birsortu. Aurrenekoak oso ongi funtzionatzen du: botere zentralizatua, goitik beherakoa eta eragin kortasunean oinarritua. Voilà! Bigarrenak, aldiz, gure oinarrizko beharretatik, utopiarik sinpleenetara itzultzea dakar: gogoetara, elkar entzutera, eztabaidara; eguneroko bizitzara, funtsean. Ez da erabaki erraza: etengabeko mili baten parte izan, edo militantzia; hori da kontua (Hamletianoki).

Sardiniar hark, inteligentziaren ezkortasunaren aurrean, borondatearen baikortasuna boteretsuago dela zioen. Irakurle, zuk ere hala uste baduzu, zumardian aurkituko nauzu. Debarik onena debarron beharretara egokitzen den Deba dela sinetsita. Erabakiak herritarrok eta herritarrontzat hartuz; irisgarritasunaz, zaintzaz, kulturaz, ariketaz, dibertsioaz eztabaidatzen. Gurea den bastinuixa, are eta geureago egiten. Dagigun.