Zutabe hau argitaratzen denerako, Euskal Herrian greba feministaren balizko arrakasta eta, nola ez, Osakidetzaren edo hezkuntza publikoaren gaineko eztabaidak izango dira hizpide. Urruneko begiradaren distortsioarekin asmatu baldin badut behintzat, noski.
Txilen nabil, Irarrazabal abizena aristokraziaren seinale den herrialde honetan. Esan gabe doa ez naizela preseski auzorik txiroenean bizi; pribilegiatua naiz hemen. Baina, paradoxikoki, pribilegiatu bihurtzen nautenak Deban jasotako hezkuntza publikoa, osasun sistema publikoa edo zaintza lanak dira, hemen utopia hutsa direnak. Ordaindu ditzakeen gutxiengoak sistema pribatura hanka egiten du, gehiengoarentzat ogi-papur ziztrin batzuk geratzen diren bitartean. Askatasuna (sic) deitzen diote. Neoliberalismoa, puri-purian.
Ez dut eskubideen defentsaren aurka egiteko inolako asmorik. Beharrak eskubidea sortzen duela uste dutenetakoa izan naiz beti. Baina jasotzen ditudan albisteekin batera sumatu dudan giro negatiboak kezkatzen nau. Baikor nintzen 2020. urtean pandemiak irakatsitako kolektibitatearen eta epe luzera begiratzearen beharraz, eta sinetsita nago beharrak gure barnean dirauela.
Lortu ditugun eskubideak Txilen pribilegio baldin badira, jada irabazitako borrokak direlako da; atzera begiratu eta harrotasunez hartzekoak, aurrera egiteko pizgailu. Violeta Parrak kantatuko lukeen moduan, “se va enredando, enredando, como en el muro la hiedra. Y va brotando, brotando, como el musguito en la piedra. Como el musguito en la piedra, ay sí, sí, sí…” (“korapilatuz doa, korapilatuz, huntza horman bezala. Eta ernetzen doa, ernetzen, goroldioa harrian bezala. Goroldioa harrian bezala, ai bai, bai, bai…”).