Zuhatza-Kolore Anitzek haurrentzako irteera antolatu du Bizkaia Park Abenturara

Erabiltzailearen aurpegia Kolore Anitz (Zuhatza) 2025eko abenduaren 12a

Urtea ondo amaitzeko prest daude Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeko begiraleak eta Bizkaia Park Abenturara goiz-pasa joateko irteera antolatu dute abenduaren 30erako. Izena emateko azken eguna abenduaren 19a izango da.

2025a lagun artean agurtzeko txangoa antolatu du Zuhatza-Kolore Anitzek abenduaren 30erako (asteartea). Ekimena LH1 eta LH6 arteko haurrei zuzenduta dago. Parte hartzaileak goiz-pasa joango dira Bizkaia Park Abentura haur parkera, beste urte batzuetan egin duten bezalaxe. Autobusez egingo dute Gueñesera joan-etorria; irteera 09:30ean izango da, zumardiko parketik, eta itzulera, berriz, 14:30ean.

Zabalik dago irteeran parte hartzeko izen-ematea eta abenduaren 19a (ostirala) izango da horretarako azken eguna. Interesa dutenek Internet bidez egin beharko dute izen-ematea, esteka honetan.

Plaza mugatuak izango dira. Irteeran parte hartu nahi dutenek 32 euro ordaindu behar dituzte (bi euro gutxiago familia ugariek edota Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek). Prezioaren barruan sartuta daude sarrera, autobusa eta asegurua. Irteerari buruzko informazio gehiagorako, herritarrek koloreanitz@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete.