Kolore Anitz Eguna ospatuko dute irailaren 20an

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko ira. 15a, 10:12

Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak egun osoko egitaraua prestatu du hilaren 20rako eta adin guztietako jendeari zuzendutako ekimenak izango direla jakinarazi du. Haurrentzako ihes-gelan izena emateko epea bihar (irailak 16) amaituko da.

Beste urte batez, adin guztietako jendeari zuzendutako ekintzez osatutako egitaraua dakar Kolore Anitz Egunak. Hitzordua hilaren 20an izango da, larunbatez, eta aisialdi taldeko begiraleek festan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei. Gogorarazi dutenez, hain zuzen, "aisialdiari eskainitako eguna izaten da Kolore Anitz Eguna, adin guztietako jendeari zuzendutakoa, ez baitago adin mugarik aisialdiaz gozatzeko".

Egitarauari 11:00etan emango zaio hasiera, Lehen Hezkuntzako haurrentzat Kultur Elkartean eta Gaztelekuan antolatu dituzten ihes-gelekin, eta Simon Berasaluze plazan txokoak eta jolasak prestatuko dituztela aurreratu dute. Zabalik dago ihes-gelan parte hartzeko izen-ematea eta bihar (irailak 16) izango da izena emateko azken eguna. Interesa dutenek Internet bidez egin beharko dute izen-ematea (esteka honetan).

Gau partean izango du jarraipena ospakizunak. Xaribari taldearen kontzertua izango da 22:00etan, Gaztetxean, eta ondoren Txola ta Potxola ariko dira musika jartzen.