Urtero bezala, abiatzear diren Kolorez Blai euskal udalekuen atarian, bilera egingo du Zuhatza-Kolore Anitzek; bertan, elkar ezagutu eta egitasmoaren inguruan sor daitezkeen zalantza eta galderei erantzuna ematen saiatuko dira udalekuetako koordinatzaile eta begiraleak. Bilera ostiralean (ekainak 27) izango da, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Zalantzarik izanez gero, herritarrak hezitzaileekin harremanetan jar daitezke zuzenean, 641 46 52 41 telefono zenbakira deituta edo koloreanitz@gmail.com posta elektronikora idatzita.
154 haur eta gaztetxo
Datorren astelehenean (ekainak 30) hasiko dira euskal udaleku irekiak, eta Zuhatza-Kolore Anitzeko kideek jakinarazi dutenez, HH5etik LH6ra bitarteko 154 haur eta gaztetxok izena eman dute bertan. "Epe barruan izena eman duten haur guztiak onartuak izan dira", azaldu dute.
Zehazki, ekainaren 30etik uztailaren 11ra egingo den lehen txandan HH5, LH1 eta LH2 mailetako 72 umek hartuko dute parte eta hilaren 14tik 24ra egingo den bigarren txandan, aldiz, LH3tik LH6ra bitarteko 82 gaztetxok. 11 begiralek osatuko dute lantaldea, eta koordinazioa Sara Goikoetxearen esku egongo da.
Aurreko urteetako dinamikari eutsiz, aisialdiko ekintzak astelehenetik ostiralera egingo dira, 09:30etik 13:00etara. Uztailaren 25a jaieguna denez, ez da jarduerarik egingo; horren ordez, 16:30ak arte luzatuko da bezperako saioa.