ELKARRIZKETA

Emili Sukia: “Herriak aisialdi talde propioa behar zuela iruditu zitzaigun”

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko urr. 16a, 10:04

Taldea sortzen, begirale lanetan, koordinatzaile funtziotan… modu batean zein bestean, hasieratik ibili da Emili Sukia Zuhatza Kolore Anitzen. Iraganaz eta urteotako ibilbideaz galdezka joan zaio Berriketan, aisialdi taldearen hamargarren urtemugaren harira.

Nola gogoratzen duzu Kolore Anitzen sorrera?
Gazte batzuk garai hartan udalak antolatzen zituen Ikimilikiliklik udalekuetan elkartzen ginen. Elgoibarko Izarra elkarteko kide Naiara Martinek koordinatzen zituen udalekuak eta berak animatu gintuen lehen pausoa ematera. Guk ikusten genuen Deban bazela aisialdi talde bat sortzeko premia, baina ez genekien nola eta nondik hasi. Naiararen laguntzaz, gogo handiz eta Zuhatzaren konfiantzarekin jarri ginen martxan. Orduan ezagutu genuen Topaguneko Sonia Perez ere. Pausoz pauso egin beharreko guztia egin eta horrelaxe sortu zen gure lore morea.

Zer asmo edo helbururekin hasi zineten lanean?
Herriko jarduera asko kanpoko aisialdi taldeek edota enpresek antolatzen zituztela ikusten genuen. Alboko herrietan begiratu bat eman eta ia guztiek aisialdi talde propioa zutela jakin genuen eta gure herriak ere hori behar zuela iruditu zitzaigun. Gure herriari eta gure haurrei aukera hori emateko beharra ikusi genuen.

Hasieran ezarritako oinarriei edota helburuei eutsi al die Kolore Anitzek hamar urte hauetan?
Baietz esango nuke. Helburua beti izan da Debako haurrei euskarazko aisialdi eskaintza egitea eta horri eutsi diogula uste dut. Ekintzak antolatu eta ondo pasatzeko aukerak ematea izan da beste helburuetako bat. Haurrek eta gurasoek oso harrera ona egin izan digute beti eta horrek urte hauetan gogoz jarraitzeko indarra eman digu.

Nolako funtzionamendua izan du taldeak?
Urteotan jende asko pasa da taldetik eta gorabeherak izan dira. Batzuetan oso ondo ibili gara, bilerak egin dira, koordinazioa bikaina izan da eta ekintzak antolatzeko gogoa egon da. Beste urte batzuetan, berriz, tiraka ibili beharra ere nabaritu da, gogo falta edo beste lehentasun batzuk zeudelako tartean. Gazte izatea, ikasketa garaiak, lanean hasteko adina… batzuetan zaila da dena uztartzea.

“Hamar urtez jo eta ke aritzea ere lorpen izugarria da nire ustez. Bidean zailtasunak eta trabak izanda ere, taldeak aurrera egin du eta hori oso garrantzitsua da”

Bidean izan dituzuen zailtasunik handienak zeintzuk izan dira?
Zailtasunik handienak udalarekin izan ditugula esango nuke, baldintza administratiboak ez betetzeagatik edo eskatu izan dizkiguten hainbat kontu direla eta.

Eta lorpenik ederrenak?
200dik gora haur izan genituen udalekuetan eta gurekin ongi pasatzeko hainbeste jendek izena ematea zoragarria zen guretzat. Bestalde, hamar urtez jo eta ke aritzea ere lorpen izugarria da nire ustez. Bidean zailtasunak eta trabak izanda ere, taldeak aurrera egin du eta hori oso garrantzitsua da.

Arlo pertsonalean, zer eman dizu zuri Kolore Anitzek?
Gauza asko. Batetik, jende zoragarria ezagutzeko aukera. Aisialdi taldean ezagutu ditut gerora lagun min bihurtu diren kide asko, eta hori da niretzat altxorrik handiena. Bestetik, asko ikasi dut. Kolore Anitz sortu zenetik, udalekuak antolatzeak zein aisialdiak barrutik dakarren lanketa guztia ikasteko aukera izan dut eta begirale zein koordinatzaile moduan hazteko aukera ere eman dit.

Nolakoa izan da herritarrek taldearen ekimenei emandako erantzuna? Harrera ona izan duzuela aipatu duzu lehen, ezta?
Oso ona izan da beti, oso pozik gaude. Egia da ekintza batzuetan jende gehiagok edo gutxiagok ematen duela izena, baina gaur egun haurrek gauza asko izaten dituzte, musika eskola, kirola, udaleku ezberdinak… Gehienetan arrakasta izaten dute ekintzek eta zentzu horretan ez dugu inolako kexarik, esker oneko hitzak besterik ez.

“Herrian dugun altxor txiki hau bizirik mantentzeko baliabideak jarri behar dira”

Hamar urte pasa dira bidea egiten hasi zenetik. Nola ikusten duzu egun aisialdi taldea?
Orain momentuan, zoragarri. Talde polita da, lan egiteko ilusioz eta gogoz betea. Taldean dabiltzanetako asko gure ibilbidearen hasieran gurekin izan genituen lehenbiziko haurrak dira. Garai hartan gure jarraitzaileak ziren, ekintza guztietan izena eman eta asko disfrutatzen zuten, eta gaur egun beraiek dira begiraleak. Talde zoragarria da eta bertan halako jendea izatea probestu egin behar da.

Eta non eta nola irudikatzen duzu Kolore Anitz hemendik hamar urtera?
Nigatik izango balitz, beste urteurren bat ospatzen, haurrak gure ekintzetan parte hartzen eta herria haien irriekin koloreztatzen. Hala ere, zintzo jokatu behar badut, nire ilusioa baino zerbait gehiago beharko dela aitortu behar dut.

Zer zentzutan? Zer beharko da zehazki?
Lana egiteko prest dagoen jendea badago, modu boluntarioan aritzen dena askotan, baina ilusio hori bizirik mantentzeko laguntzarik ez baldin badago eta bidean zailtasunak jartzen baldin badira, lorea zimeldu egingo zaigu. Gainontzeko loreek bizirauteko ura behar duten bezala, gureak babesa behar du. Herrian dugun altxor txiki hau bizirik mantentzeko baliabideak jarri behar dira, gauzak erraztu eta bidea egiten lagundu. Kanpotik datorren erraldoi handi batek zapaltzen baldin badu, nekez jarraituko du bizirik gure lore moreak. Ez dut esan nahi erraldoiak gaiztoak direnik, baina agian hobe litzateke haiek beren herrian bakean uztea, gure loreak handitzeko aukera gehiago izan ditzan.