“Ekintza berri ugari, barre algarak, lagun berriak, korrikaldiak, gaubelak…” egiteko proposamena dakarte oraingoan Kolore Anitz taldeko begiraleek. LH 5- LH6 bitarteko gazteei zuzendutako deialdia egin dute, Aste Santuko azken txanpan Arabara joan eta aisialdiaz gozatzeko beste aukera bat eskainiz.
Irteeran parte hartu nahi dutenek bihar (apirilak 1), 17:00etatik 19:00etara, edo etzi (apirilak 2), 11:30etik 13:30era, udaletxe azpira jo beharko dute; aurrez banatutako izen-emate orriarekin batera, ordainketaren ordainagiria aurkeztu beharko dute bertan. Txangoaren prezioa 75 eurokoa da (ostiraleko afaria, larunbateko otordu guztiak, igandeko bazkaria, aterpetxeko bi gauak eta autobusean joan-etorria sartuta daude prezioan); Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek (guraso edota haurrek) bost euroko deskontua izango dute.
Guztira 55 lagunentzako plazak izango dira irteeran. Diru-sarrera egin eta lekurik gabe geratu diren haurren familiei dirua itzuliko zaiela azaldu dute antolatzaileek.