Oporretako etenaldiaren ondoren, ikasturte berriari hasiera emateko prest daude Kolore Anitz Aisialdi Taldeko begiraleak. Euskal Jaiaren aitzakiarekin, Euskal makarroi lehiaketa antolatu dute. Sukaldatu bitartean ondo pasatu nahi duten haur eta gaztetxoek horretarako aukera izango dute irailaren 23an; 17:00etan Plaza Berrian batzeko hitzordua jarri dute.
Aurreratu dutenez, ekintza taldeka egingo dute, eta ez da pertsona mugarik egongo. Hori bai, LH 1 eta 2ko ikasleak heldu batekin joatea eskatu dute. Parte hartzaileek eraman beharreko materiala ere zein den zehaztu dute: “Amantala, koilara, lapikoa eta sua besterik ez dira beharko”.
Ekintzan parte hartzeko interesa dutenek koloreanitz@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute; irailaren 20a da izena emateko azken eguna. Izena ematerako orduan taldearen izena, taldekideak zeintzuk izango diren eta horien ikasturtea zehaztu beharko dira.
Ekintza antolatzerako orduan, HHko ikasleak ere kontuan hartu dituzte. Eta horiek ikasturte hasieraz eta Euskal Jaiaz goza dezaten, jolas batzuk prestatu dituzte. Jolasak leku eta ordu berean egingo dituztela iragarri dute. Eguraldi txarra eginez gero, jarduera udaletxe azpian egingo dute.