Zure irribarrea galdu dudanetik

Erabiltzailearen aurpegia Ketxus Amasorrain 2021ko ots. 25a, 10:51

Zure irribarrea galdu dudanetik, gauza asko galdu ditudala konturatzen ari naiz. Ez zara urrutira joan, ez dizut gaitzik egin, ez gara haserretu, baina zure irribarrea galdu dut eta ez dakit nola berreskuratu.

Zure irribarrea galdu dudanetik, neurea ere itzali didate, irekita utzitako leihotik konturatu gabe sartzen den haize bolada xumeak kandela burua amatatzen duen moduan.

Zure irribarrea galdu dudanetik, gure elkarrizketen kolorea itzalduz joan da eta gai bakarra daukagu mintzalagun, gai aspergarria, errepikakorra…

Zure irribarrea galdu dudanetik, Laboa handiaren akorde minorrek minorrago dirudite eta gitarra beretik Artzek horren maite zuen txoria hilzorian kanporatzen imajinatzen dut, hegoak ebaki dizkioten askatasun kantua. Irribarrea galduarazi didanari hegoak ebaki bagenizkio, ez ginatekeen gauden moduan egonen.

Zure irribarrea galdu dudanetik, hondartzako pasealekuari darion kresalak ez dauka usain bera eta pasieran gurutzatzen ditudan aurpegiek ere irribarrea galdu dutela ohartu naiz.

Maskara jarri dizutenetik, zure irribarrea galdu dut, eta zure irribarrea galdu dudanetik hainbeste gauza galdu ditut…!, galdu ditugu. Amets egiten dut zure irribarrea berreskuratuko dudan egunarekin, neurea ere berreskuratuko baitut; elkarrizketak berriro kolorez beteko dira, kresalak berriro itsaso usain erakargarria jantziko du, pasealekuko aurpegiak baikortuko dira eta Laboaren gitarratik Artzeren txoria hegan ateratzen ikusiko dugu, aske.