Antonio

Erabiltzailearen aurpegia Ketxus Amasorrain 2022ko mar. 28a, 10:51

Kontatu zidaten aspaldi, Antzuolan ba omen zela Antonio izeneko mediku bat. Joaneko herrixketako mediku horietako bat zen Antonio; kontsulta bere etxean, kontsultako atea edozeinentzat eta edozein ordutan zabalik. Bera zen herriko pediatra, geriatra, traumatologo, ginekologo, psikologo… Mediku ona izateaz gain, pertsona ona ere bazen gure Antonio.

Antzuolatar asko eta asko ziren Antonioren bezero, eta haren zerbitzuak jaso ondoren ordaintzeko unea iritsita, hortxe hasten ziren Antonioren komeriak, diru-kontuetan sarritan gertatu ohi den antzera. Era guztietako arazo ekonomikoak azaleratzen ziren Antonioren kontsultan; benetakoak batzuk, asmatutakoak beste asko. Antonio oso mediku ona zen baina oso finantzari eskasa eta ez zeukan “Cobrador del Frac” izateko maliziarik, ezta bokaziorik ere.

Antzuola oso herri txikia izanik, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, Antonio zordunekin gurutzatzen omen zen kalean, eta hain zen “Cobrador del Frac” txarra ezen zordunekin aurrez aurre topo egiteko lotsagatik, espaloia bestaldera zeharkatzen omen zuen.

Antonio duela urte dezente zendu zitzaigun, baina bere izpirituak bizirik darrai; Zenbat aldiz ez ote dugu Antonioren arimarekin bat egin? Jakin ondo ari garela, jakin zuzen gabiltzala, ziur egon aurretik datorrena dela bide okerretik dabilena eta hala eta guztiz ere pareko espaloira zeharkatu, zordunarekin trink ez egitearren, oker dabilenari geure oniritzia emanez lotsati eta burumakur.

Antonio, ez da nahikoa pertsona eta mediku ona izatea.