Duela urte batzuk gertaturiko pasarte hau benetakoa omen da, niri behintzat egiazko moduan saldu didate eta erositako prezio berean eskaintzen dizuet.
Egun haietan, errepideek ez zuten gaur egungo auto saturaziorik eta bazegoen bideak txukun mantentzeaz arduratzen zen lanbide bat: “kamiñeroena”. Beraien lana izendatutako errepide zatia txukun mantentzea zen, batez ere bide bazterreko sastraka eta belar txarretatik garbi.
Orduan ere, gaur egun bezalaxe, bi eratako langileak zeuden, langile finak eta langile alferrak eta gure istorioaren protagonista den Felix bigarren taldekoa zen, dudarik gabe eta bete-betean.
Kamiñero bakoitzak bide zati bat zaindu eta mantendu behar zuenez, gehienetan bakarka ibili ohi ziren lanean eta beraien arduraduna noizean behin bakarrik pasatzen zen lanen egoera gainbegiratzera. Gure Felixek ondo kontrolatuta zituen gainbegiratzailearen bisita egunak eta egun horietan fin aritzen zen arren, hortik kanpora alferkerian pasatzen zituen egun gehienak.
Alferkerian zegoen egun batean, zuhaitz baten gerizpean lasai etzanda, arduradunak ustekabeko bisita egin zuen eta Felix luze-luze aurkitu zuen. Bere egoera zuritu nahian, honela mintzo zen Felix: -Minutu erdi ere ez daramat hemen etzanda eta banoa bueltan berriro lanera.
Bere zereginera bueltatzeko, lanabes moduan zuen aitzurra hartzera gerturatu zenean, Felix eta bere arduraduna aitzurraren kirtenaren puntara iritsita zegoen karakolari begira geratu ziren.
Kontuz karakolekin!