Lizentzia lortzeko, Londresko taxi gidariek hiriko kale eta bidegurutze guztiak buruz ikasi behar dituzte eta bertako kaleetatik maparik gabe gidatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.
Ikerketa batean erresonantzia magnetiko bidez ikusi zuten zenbat eta denbora gehiago gidatu, orduan eta handiagoa zela beren garuneko hipokanpoaren tamaina. Agian esanguratsuagoa da jakitea jubilatu ostean tamaina hori "normaltasunera" itzultzen zela.
"Harrigarria da zein abiaduratan galdu dezakegun gaitasun bat, erabiltzeari utziz gero"
Harrigarria da zein abiaduratan galdu dezakegun gaitasun bat, erabiltzeari utziz gero. Industria eta teknologia iraultzek, bizitza askoz erosoagoa egin diguten heinean, alfertu eta gaixotu egin gaituztela agerikoa da. Orain aldaketa handi baten atarian gaude. Adimen artifizialaren aroa bertan da eta ikusteko dago gizartean eta gizabanakoetan izango duen eragina. Hala ere, gure garuna alfertu eta txikitzerik ez badugu nahi, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da etengabe gauza berriak ikasten eta jakin-minak asetzen egotea. Badaezpada ez gaitezen ahaztu gugan hain positiboki eragiten duten sormenaz, pentsamendu kritikoaz, pertsonarteko harremanak garatzeaz, hauek zuzenean eragiten baitute gure garunean.
Jorge Drexler abeslari uruguaitarrak dioen bezala, "gauza bera kantuak, txoriak, alfabetoak. Zerbait hiltzea nahi baduzu, utzi geldi". Alegia: "Lo mismo las canciones, los pájaros, los alfabetos. Si quieres que algo se muera: déjalo quieto".