Udaren amaierarekin batera, nabarmena da egunak zenbat egin duen moztera. Argi orduek behera egin dutela esan ohi dugu, baina hau ez da guztiz zehatza gure gizartean. XIX. mende amaieran hiriguneak eta herriak argiztatzen hasi zirenetik, amaierarik gabeko egun batean bizi gara.
Gainera, ez da gauak argiztatu ditugula bakarrik, eguneko eguzkiaren argi naturaletik ere aldendu egin gara. Etxeak eta lantokiak argiztatzearekin batera, geroz eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailei eta oro har argi urdinei begira. Gure eguneroko bizimodu honek ez gaitu eguzkitik bakarrik aldendu, gauaren iluntasunetik ere urrundu gaitu. Gauak ere geroz eta argiagoak dira gure hiriguneetan; izarrak ikusteko, adibidez, gure bizilekuetatik aldentzea besterik ez zaigu gelditzen.
"Gure eguneroko bizimodu honek ez gaitu eguzkitik bakarrik aldendu, gauaren iluntasunetik ere urrundu gaitu"
Honek guztiak zertan eragiten digun hausnartzen dut... Argia oso eskura dugu momentu oro, eta horrek eragina du gure aktibitatean; hiperaktibitatera garamatza, hain zuzen ere. Hala ere, honen aurrean badaude gure onurarako hartu ditzakegun neurriak: pantailen erabilera kontzientea egitea, batez ere gauetan ordu batetik aurrera; pantailetan jar daitezkeen filtroak eta aplikazioak ezartzea; LED argi zuri eta hotzaren ordez, argi gorria erabiltzea; argi urdinak blokeatzen dituzten betaurrekoak janztea eta egunez ahalik eta ordu gehien kanpo espazioetan egotea, besteak beste.
Argi artifiziala murrizteak eta egun argitan kanpoan ahalik eta denbora gehien egoteak nigan izan dituen onurak ikusita, gau izartsuak eta egun argitsuagoak opa dizkizuet.