“Dosi altuan kaltegarria izan daitekeen agente kimiko edo ingurumen-agente baten aurrean, dosi baxuan jartzeak zelula edo gorputz baten egokitze erantzun onuragarri bat dakar”.
Beste hitz batzuetan esanda, hiltzen ez gaituenak indartsuago egiten gaitu.
Gaur egun immunologia eta kirol-errendimendua bezalako alorretan puri-purian dagoen kontzeptua da hormesia.
Azken urteotan, nik neuk bizi izan ditut neure burua hotza, beroa, oinutsik ibiltzea eta baraua bezalako estimuluen aurrean jartzeak dakartzan onurak.
Gaur egun kontzeptu berria badirudi ere, hormesiak berebiziko garrantzia zuen antzinako zibilizazioan. Egun, azalpen zientifikoetatik definitzen den kontzeptu hau ondo bereganatu zuten, adibidez, estoikoek, beraien bizimoduaren oinarria baitzen hormesia. Horren isla dira Seneka filosofoaren hitz hauek:
“Beti haizetik babesten dena, bere oinak uneoro bero dituelarik eta hotzetik isolaturik, haize leunenari aurre egiterakoan ere arriskuan izango da. Gehiegikeria denak dira txarrak, baina ez dago erosotasun gehiegikeria baino okerragorik. Buruari egiten dio kalte. Errealitatearen pertzepzioari eragiten dio, egiaren eta gezurraren arteko muga lausotzeraino”. Hitz horiek, duela bi mila urte idatziak izan arren, gaur egungoak dirudite.
Ez dira erosoak bizitzen ari garen garaiak, baina, agian, deserosotasun guztiaren erdian oreka bilatzea ote da gakoa?
Senekari ere leku bat egingo nioke AstraZenekaren garaian.