Erasotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxaniz 2023ko urr. 2a, 13:03

Izotz aroak, lehorte luzeak, gerrateak, migrazioak, itsas zeharkaldiak eta ehiza jardunaldi amaigabeak izan dira gizakiok gaurdaino iristeko gainditu behar izan ditugun erronketako batzuk.

Hau guztia lortzeko, hain inguru eta egoera aldakorretara moldatzeko egundoko gaitasuna erakutsi dugu.

Babesa, janaria eta edaria lortzeko erresistentzia handia garatu dugu eta esan daiteke gure genetika egoera gogor horietan bizirauteko eraikia dela.

Azken mendeetan, ordea, teknologiak izan dituen aurrerapen guztiei esker, mehatxu hauek ia desagertu egin dira (lurralde “garatuetan”, noski). Hasiera batean horrek onurak besterik ez dituela iruditu arren, bat-batean, zibilizazioaren gaixotasunak deiturikoak izurrite bihurtzen hasi dira. Badirudi amaigabeko erosotasun horretan, gorputzak zeri aurre egin behar dion jakiten ez duenean, kanpoan mehatxurik sentitzen ez duenean, horretarako sortua dagoen sistema immunologikoa norbere burua erasotzen hasten dela.

Natura oso aldakorra da, eta guk, natura horren parte izaki, aldaketa horiek bizi behar ditugu, eta horietara egokitu.

Esna dezagun denok barruan dugun animalia eta izan dezagun konfiantza erronkei aurre egiteko dugun gaitasunean. Horiek gainditzearen ordainsaria izan dadila erosotasuna.

Erosotasuna ez dadila erasotasun bilakatu.