Zaintzeko eskubidea, sistemaren arabera, familiara mugatzen da. Harreman monogamo eta ezkonduaren tresna, eredu normatibotik kanpo sortzen diren laguntasun, maitasun eta harremanei ukatzen zaiena. Hogei urte pasatu dira Espainiako Estatuan sexu bereko pertsonen ezkontzak onartu zirenetik. Agian, bada garaia instituzio hau zalantzan jartzeko, bizitzeko eredu berrien inguruan hausnartu, eta horiei beren lekua eskaintzeko.
"Bada garaia instituzio hau zalantzan jartzeko, bizitzeko eredu berrien inguruan hausnartu, eta horiei beren lekua eskaintzeko"
Familiak hartzen gaitu hasiera batean, baina gutxira bilatzen dugu sostengua gure lagunengan, bikotekidea topatu arte. Duela gutxi nire lagun bat ospitaleratu zuten. Ez zuen familia gertu, ez zegoen ezkonduta, eta, beraz, ezin izan genion lagundu. Ezin izan genuen zaindu. Zer aurpegi jarriko lidake nagusiak lagun batengatik zaintza-baimen egunak eskatuko banizkio? Amatonormatibitatean bizi gara; harreman eredu erromantikoaren inguruan sortu dira legeak, morala eta zaintza. Eta maitasun erromantikoa den asintota horren bila goazen honetan, beti eutsi izan gaituen lagunak, beti eutsi izan gaituen sareak, lehentasunetan behera egiten du.
Harremanen hierarkian harpidetza premium bat da ezkontza, maitasun-kapitala metatzeko pribilegio gisa funtzionatzen du, benetako zaintza-sare askoz zabalago eta anitzagoak sistematikoki errefusatuz. Agian, maitasuna kolektiboan ulertzeko garaia ere bada. Guraso bakarreko familiak, baztertuak izan diren LGTBIQ+ pertsonak, pertsona migratuak, monogamiatik at bizi direnak... Pertsonak beste bizitzeko forma izanik, zergatik daude bizi eredu horiek bigarren maila batean?