Efimerotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Amutxastegi 2024ko uzt. 22a, 12:27

Urte bat baino gehiago pasatu da aitxitxa hil zenetik. Duela gutxi arte nire barruan, leku ezkutuenean gorderik, bazen berriz ikusiko nuen esperantza txiki bat. Joaten utzi baino, gero arte batekin agurtu izan banu bezala. Agur esatea kosta egiten zait, betirako den ezer ez dagoela onartzea, dena aldatu egiten dela ametitzea, gauzei joaten uztea.

"Agur esatea kosta egiten zait, betirako den ezer ez dagoela onartzea, dena aldatu egiten dela ametitzea, gauzei joaten uztea"

Agian nire kontua da. Oraindik gogoan ditut Madriletik Euskal Herrira itzuli nintzenean izan nituen buruhausteak. Handik "laster itzuliko naiz" batekin joan nintzen, uda ostean Madrilera bueltatu eta denak berdin jarraituko balu bezala, bizi izan nuen urte hura argazki bat balitz bezala, betirako nire zain egongo zen esperantzarekin.

Nire gorputza ere aldatu da. Zimurrak eta ilea, bista eta bestondoak. Nire ardurak ere ez dira gaztetakoak. Lagunekin harremanak eraldatu egin dira, espero ez nituenak sortu, eta atzamarrak txirikordatuz zin egindako betiereko laguntasunak galdu ditut. Ez gara Peter Pan.

Kostata, baina azken urte honetan pelikulak pelikula direla ohartu naiz. Denak ez duela amaiera onik, baina filmetakoak baino istorio ederragoak ere badaudela. Edertasun, maitasun eta bizitza eternorik ez dagoela. Agian nire kontua da, baina hogeita sei urte bizi behar izan ditut ohartzeko efimerotasuna dela eternoa den gauza bakarra.