“Askorentzat urteak dituen 365 egunetako bat gehiago besterik ez da izango. Beste batzuontzat egun berezia da ekainaren 28a. Zalantzak nituen testu hau idatzi edo ez. Agian ez nago behar beste harro naizenaz. Edo agian beldur naiz”. Horrela hasten zen ekainaren 28an idatzi nuen testua. Arrazoi nuen. Iritsi zen testua bidaltzeko eguna, uztailaren 1a, eta ez nintzen bidaltzera ausartu. Gaur goizean esnatu naizenean irakurri dut berria. 24 urteko gazte bat hil dute bere orientazio sexualagatik Galizian. Eta orduan konturatu naiz ezin nuela testu hau ez bidali.
Guri eragiten ez diguten kontuak dirudite, baina larunbatean nire lagun batek duela aste batzuk Madrilgo metroan lesbiana izateagatik jasan zuen erasoa kontatu zidan. Urruneko kontuak dirudite, baina duela egun batzuk Donostiako gazte batzuei Twitch plataformako kanala itxi zieten zenbat homosexual hil zitzaketen esanez bideo bat igotzeagatik. Beste garai bateko kontuak dirudite, baina Samuel atzo hil zuten, 2021eko uztailaren 3an.
Gorroto mezuek indar handia hartu dute azken urte hauetan. Politikan duela urte asko desagertuak uste genituen ideiak itzultzen ari dira, komunikabideek ahotsa ematen diete eta herritarrok pairatzen ditugu kalteak. Ia-ia ez naiz testu hau bidaltzera ausartu. Esango zenutenaren beldur nintzen, pentsatuko zenutenaren beldur. Baina uste dut beldur hori bera dela testu hau bidaltzeko arrazoi nagusia. Isilik geratzen bagara inoiz ez garelako beldurrik gabe biziko.