Duela hilabete, Whatsapp aplikazioa hackeatu zidaten. Hori ezinezkoa zela uste nuen, niri gertatu zitzaidan arte. Horrelako gauzak niri pasatzen zaizkit beti. Goizean esnatu eta ezin nintzen aplikazioan sartu. Pare bat dei galdu eta hainbat SMS nituen, herrialde ezberdinetako zenbakietatik bidalitakoak. Hasieran, beldurtu egin nintzen. Zer lortu nahi dute? Gero, urduri jarri nintzen, eta, egunaren amaieran, poztu ere egin nintzen. Zazpi egun egon nintzen mezurik bidali eta jaso gabe; zazpi egun lasai-lasai.
Baina dena ez zen lasaitasuna izan. Mundu digitaletik alde egitearekin batera, ohartu nintzen ez naizela gai (ez garela gai esango nuke, baina bakoitzak ikusiko du zein puntura arte duen sare sozialekiko menpekotasuna) sareetako informaziorik gabe bizitza erreala aurrera eramateko.
Lanean duzun bileraren ordu aldaketaz Whatsapp bidez abisatzen dizute. Zure lagunek asteburuan egingo duten plana bertatik antolatzen dute, eta zure familiako azken berriak ere sareetatik iristen dira azkenaldian. Zazpi egunetan zenbat bilera, zenbat plan eta zenbat berri galdu ditzakezu?
Zazpi egunak zoragarriak izan ziren. Guztiz deskonektatu nuen, baina ez soilik bizitza birtualetik. Gure bizitzak Internetarekiko gero eta menpekoagoak dira. Lana, familia eta lagunak biltzen ditu ukitu ezin daitekeen sareak, eta saretu baino gehiago harrapatu egiten gaituen amaraunak gero eta zailagoa egiten du mundu birtualetik ihes egitea, mundu errealetik deskonektatu gabe.