“Nik ez dut horrelako ezer behar”. Zenbat aldiz entzun dudan esaldi hau psikologoarengana joatea gomendatzen dudanean. Harrotasunez erantzuten dute askok, terapiara joateagatik ahulagoa izango bazina bezala. “Ez nago zoro, zertarako joan behar dut lokeroarengana”, erantzuten dute beste askok. Ni duela bi urte hasi nintzen psikologoarengana joaten, eta harrotasunez diot azken urteetako erabakirik onena izan dela. Are gehiago, guztiok egin beharko genukeela uste dut.
Estigmatizatuta dago terapiara joatea. Badirudi zure buruaz beste egiteko moduan egon behar zarela horretarako. Etxetik atera gabe depresio erraldoi batean murgilduta ez bazaude pentsaezina dela dirudi. Zergatik ez goaz psikologoarengana benetan gaizki egon aurretik? Zergatik ez dugu gure osasun mentala noizbehinka zaintzen dentistarekin, medikuarekin edo okulistarekin urtero egiten ditugun osasun-azterketetan bezala?
Badakit ez dela erraza pausoa ematea, ezta merkea ere, baina bada garaia gure osasun mentala zaintzen hasteko. Bada garaia gelditu eta geure bizitzak erdigunean jartzeko, terapia normalizatzeko, eta osasun sistema publikoak esparru honetan duen hutsune hori betetzeko.
Urte eta erdi pasatu da azken aldiz psikologoaren kontsultara joan nintzenetik. Orain duela bi urte baino askoz hobeto nagoen arren, hau idazten bukatu bezain laster psikologoarekin txanda eskatuko dut. Ez nago gaizki, baina ez dut gaizki egon behar neure burua zaintzen hasteko.