Badatoz 2025eko Kopraixak!

Erabiltzailearen aurpegia Itziarko Auzo Udala 2025ko uzt. 28a, 10:09

Urtero legez, badatoz 2025eko Kopraixak 5 eguneko egitarau oparoarekin. Azken 3 urteetan bezala, bezperan abuztuaren 1ean Jubilatuen Eguna ospatuko da, mezarekin hasiera emanez eta bazkaria eta erromeriarekin jarraituz. Dagoeneko prest dago guztia auzolanean antolatutako egitaraua martxan jartzeko. Bazkariak, kontzertuak, jolasak, dantzak, erromeriak... denetarik izango da aukeran.

Jada Kontzeju Etxearen obra amaitzear dago eta aurtengo Kopraixetan ohiko egoerara itzuliko gara. Ekitaldi guztiak herriko plazan kokatuko dira betiko formatuari jarraiki. 2024ean halabeharrez sokamuturra Itziarko kaleetan izan genuen arren, berriro zezenak plazan izango dira.

Kopraixetako Festa Batzordetik adierazi nahi da dauden ekintzen arabera, abuztuaren 2tik 6ra herriguneko trafikoa moztuta izango dela zenbait ordutan eta aurtengoaren ere Zumaia eta Deba bitarteko gaueko autobus-zerbitzua izango dela larunbat eta asteazkenean.

Gaueko kontzertuei dagokienez, erromeri taldeez gain, abuztuaren 3an Itziarko Eleizan GARI & MALDANBERA izango da gaueko 23:00etan, kontzerturako sarrerak jada salgai daude 10€tan Gure Dendan eta Burugorri Ostatuan eta online ere, ondorengo esteka honetan: https://labur.eus/gari30urte. Kontzertu hau GARIren 30. urteko biran kokatzen da. Bestalde, asteazken gauean ASGARTH talde añorgarra izango da. Honen ondoren, Debako DEBRASS BAND, Txola eta Potxola DJekin bukatuko direlarik Kopraixak.

Asteleheneko herri bazkaria eta astearteko Umeen eguneko bazkaria frontoian izango dira. Tiketak Gure Dendan eta Burugorri Ostatuan daude salgai eta uztailak 31 baino lehenago erosi behar dira, helduena 23€ eta umeena (14 urtetik beherakoak, 14 urtekoak barne) 13€tan.

Aurtengo Kopraixetako entseguak uztailaren 28an eta 30ean izango dira, arratsaldeko 17:30etan euskal dantzakoa eta 18:30etan danborradakoa, bertan parte hartu ahal izateko entseguetan izena emateko aukera egongo da. Bi egun hauetan Kopraixetako kamiseta eta zapien salmenta Burugorri Gainean egingo da 17:00etatik 19:00etara.

Kopraixak ondo pasatzeko eta disfrutatzeko aukera paregabeak dira eta mundu guztia ongi etorria izango da Itziarra, betiere errespetuz hurbiltzen direnak. Itziarko Erasoen Aurkako taldearen eskutik, babes protokolo bat landu da puntu morea tranpapea izango delarik, erasoren bat gertatuz gero, 24 orduz martxan egongo da ondorengo laguntza telefonoa: 632 40 37 95.