Laster dira Kopraixak Itziarren, sei eguneko eskaintza oparoarekin. Ohikoak izaten dira bertan ospakizun, bigantxa, dantza, erromeria, herri-kirol eta plazako jolasak.
Azken urteotan igande iluntzeko kontzertuak leku propioa hartu du egitarauaren barnean, batez ere halako ekitaldia elizan kokatzearekin, itziartarrentzat santutegiak duen esanahi berezia kontuan izanda. Izan ere, igandea da ospakizun egun nagusia herriko festetan eta asko dira ohituraz edota gonbidatu gisa datozen bisitariak.
Aurten, Gari musikari ezagunak emango du kontzertua. Hain zuzen 30 urte betetzen dira bakarkako ibilbideari ekin zionetik, hainbat urtez talde-buru gisa aritu ondoren. Urteurren biribila ospatuz biran murgilduta dabil batetik bestera, ohiko laguntzaile dituen musikariz
inguratuta.
Hitzordua abuztuaren 3an izango da, 23:00etan eta dagoeneko salgai dira sarrerak. Itziarko Gure Dendan eta Burugorri Ostatuan erosi daitezke, 10 eurotan. Egunean bertan, kontzertuaren ateak zabaldu aurretik, 12 eurokoa izango da prezioa. Eta Internet bidez ere jarri dituzte eskuragai, labur.eus/gari30urte helbidean.
Itziarrekin lotura
Kopraixetako kontzertuaren aitzakian, Iñaki Garitaonandiak Itziarrekin duen historia pertsonala ekarri dute gogora antolatzaileek. Izan ere, bere musikari hastapenetan, Legazpiko lau lagunekin batera Ziper izeneko taldearekin estreinatu eta gutxira, Mandipe dantzalekuan antolatutako Euskal Musika 80 lehiaketa-jaialdian jo zuen, bigarren
sailkatuz.
Gerora hain entzutetsu egingo ziren zenbait taldek ere parte hartu zuen bertan. Izen berarekin disko bat argitaratu zen, lehiaketan parte hartutako proposamenekin.
Ibilbide luze eta oparoa ospatuz, biran dator Gari Itziarrera, urte hauetan ondoan izan dituen taldekidez inguratuta: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioa eta ahotsak), eta Iker Lauroba (teklatuak eta ahotsak) musikariak. Sorpresarik ere izango omen da Itziarko kontzertuan, abesti berriak partekatuz, zaharrak berreskuratuz eta inoiz ez bezala gozatuz.
Gariren ibilbidea
Bakarka hasi zenetik, zazpi diska argitaratuak ditu dagoeneko Garik. Hasierako abestietan alderdi intimoagoa eta pertsonalagoa arakatu zuen, nagusiki rock doinuaz landuz. Urte gorabeheratsuen ostean, sasoi betean dator berriro, eta hala islatzen du zuzeneko musikan eta kontzertuetan. 2016az geroztik berarekin aritu diren musikariekin Gari & Maldanbera deituraz ere aritu izan da tarteka, eta hiru disko plazaratu dituzte elkarrekin.
Baina bakarka jotzen hari aurretik, Hertzainak taldearen kantari gisa egin zen ospetsu Gari, 1983 urtean egitasmo hartan sartu ondoren. Hamar urte ondoren, 1993an esan zuen agur taldeak, guztira sei diska argitaratuta. Gaur egun Euskal Herriko memoria kolektiboan
txertatuta diraute oraindik haien kanta gogoangarriek.