Uda sasoia iritsi da eta horrekin batera hor ditugu hondartzan marradun koloretako toldoak, sorosleak eta, nola ez, surflariak! Barkatuko didazue, baina urtetik urtera surf egiten dutenen kopurua handitzen ari den neurri berean, sorosleek gero eta tarte txikiagoa eta mugatuagoa ezartzen dute itsasoan bainu bat lasai hartu nahi dugunontzat. Tristea da Itxas Gain parean bizi eta bainu bat hartzeko torreta parera joan behar izatea. Konturatuko zineten bezala, gaiak berotu egiten nau; badirudi itsasoa ur-kirolak eta negozioa egiteko bakarrik dela, ezin al da itsasoa egokiago partekatu? Gazteago ginenean, sorosleak etorri aurretik eta joan ondoren aritzen ziren surfean, eta orain? Badirudi bainua lasai hartzeko horretara gonbidatzen gaituztela... Nola aldatzen diren kontuak hain denbora gutxian...
"Konturatuko zineten bezala, gaiak berotu egiten nau; badirudi itsasoa ur-kirolak eta negozioa egiteko bakarrik dela, ezin al da itsasoa egokiago partekatu?"
Horrez gain, itxura denez, itsasoa txiki geratzen ari zaigu. Izan ere, gero eta sarriago ikusten ditugu haurrak dutxetako urarekin edo hankak garbitzeko iturriari emanez jolasean. Ez dakit ez ote naizen azkarregi zahartzen hasi, horrelakoak ikustean ulertu ezinda gelditzen bainaiz. Ez dakit Agenda 21 edo zer den Luzarok eta udalak orain ikasleekin lantzen dutena, baina ikasitakoak beroarekin desegin eta desagertzen direla dirudi.
Nik uste beroak niri bakarrik ez, beste askori ere kalte egiten diela. Hortaz, freska ditzagun buruak eta har dezagun arnasa sakon, haitz handiari begira, gurean baino aukera paregabeagorik leku gutxitan dago eta!