Konturatu orduko pasa da urtebete eta, iaz bezala, aurten ere uztaila narras hasi dugu... eguraldi grisa eta euskararen aurkako erasoak etenik gabe. Begirada zabaltzen baldin badugu ere, panorama ez da askoz hobea; indarkeria matxistaren biktimak ugaritzen ari dira eta, Palestinako eta Ukrainako gerrek, besteak beste, ez dute berehalako amaiera baketsurik begi-bistan.
"Galera guztiak dira mingarriak, dudarik gabe, baina hitzez deskribaezina da gerratik ihesi bonbardaketa baten erdian sentitzen den izua..."
Deban bertan ere, hor dugu etxeko atarian (Calbeton Zumardian) pixkanaka hazten doan Gernikako arbolaren kimua, eta hortik hurre orain dela gutxi Porrotx eta Marimotots pailazoek Zuhatzako Kolore Anitz Aisialdi Taldeari oparitutako intxaurrondo landatu berria, bakearen eta galera afektiboen ikur, hurrenez hurren. Galera guztiak dira mingarriak, dudarik gabe, baina hitzez deskribaezina da gerratik ihesi bonbardaketa baten erdian sentitzen den izua eta nahi gabe (hausnartutako erabaki baten ondorioz esan nahi dut) Debaraino iritsi eta gorpuzten den kontraesanez betetako sentimendua: alde batetik, bizirik jarraitzearen lasaitasuna, eta, bestetik, iparrik gabeko etorkizun grisa.
Ez dakit zuei ere gertatzen zaizuen, baina ni azkenaldian aspaldiko kantu batekin nabil bueltaka: "Solo le pido a Dios / que la guerra no me sea indiferente (...)". Sasoi gris hauetan, izan gaitezen eguzki printz; bakezale eta saminean bidelagun.