Gongonpaiatik

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Arana 2022ko ots. 25a, 12:58

Axu kla kla, axu kla kla…, Lingua vasconum lingua navarrorum… kantuak entzun eta aisialdiko monitore/koordinatzaile garaira naramate; Gongonpaiara. Ostiral edo larunbatero prestatutako hainbeste ekintza, Gure Kaiko lokalean hasieran, Osiokoan azken urteetan. Oraindik gogoan dut Oka joko erraldoia margotzen nola lagundu ziguten Aitor Oñederra eta Goizane Aizpurua “gazteek”, baita Emili Sukiak eta Itziar Gonzalezek ere.

Gongonpaia Eguna ere egin genuen, herriko haur eta gazteei zuzenduta. Taldean botea ipinita 2000 pezeta/12 € egin genion aurre lehenengo egun hari. Ilusioz betetako taldea ginen, baina diruz mehe.

Gongonpaiari esker Gipuzkoako hainbat herri txiki ezagutu genituen. Gure aurrekoei ikasi genien irteerak egitea zeinen aberasgarria zen: elkarbizitza, talde-lana, euskara… lantzeko.

Mendea ere aldatu dugu, baina aisialdiak hezkuntza ez-formalean hezten jarraitzen du. Aldaketa sakonak gertatu badira ere, aisialdi taldeek beraien espazioari eutsi diote, Elizatik urrundu eta laiko eginez, euskara elkarteen babesean aurrera eginez. Aisialdiko espazioak umeek ondo pasatzeko lekuak izan arren, helduen begiradatik hori baino gehiago dira. Izan ere, aisialdian parte hartu duten haur askok begirale izateko gogoa izaten baitute; horregatik, jaso dutena bueltatzeko trebakuntza jasotzen dute.

Gutxien uste den lekuan ereiten dira haziak sarri. Udaberriro, loraldi desberdina ikusteko aukera izaten dugu: lore batzuk denbora luzez loratzen dira eta beste batzuk zimeldu, baina hori da aisialdiaren edertasuna; gazte eta kolore anitzekoa izatea.